PP
Ezker abertzalea hauteskundeetan egotea ez dutela onetsiko berretsi du Rajoyk
GARA | MADRID
Espero zitekeen bezala, bereari eusten dio oraindik ere PP alderdiak. Hau argi uzteko, Mariano Rajoy presidenteak ez zuen agerraldirik egin eta Facebook-en bidez eman zuen bere iritzia, inolako berririk ez dakarrena. Berriro esan zuen ezker abertzalea hurrengo hauteskundeetan egotea ez dutela onartuko, ez era zuzenean ez eta «frankizia» baten bitartez ere.
Luzeago hitz egin zuen Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak goizean, Bilboko ekitaldia bukatu bezain laster. Bere ustez, ETAren indarkeria errefusatzea ez da nahikoa, «orain arte egindako guztia ere gaitzetsi behar dutelako».
«Batasunak, ETAk, inguru horrek ezin du bestelako amaierarik izan: desegitea, biktimei barkamena eskatzea, urte askotan erabili duten indarkeria gaitzestea eta legeari men egitea, argudiatu zuen De Cospedalek.
Hau esanda, PSOEko Gobernuak Alderdien Legea betearazi behar duela erantsi zuen PPko agintariak, eta ondorioz ezker abertzaleari ezin diola inolaz ere hauteskundeetan egoteko aukerarik eman behar. Ez bere alderi berriarekin, ez «zerrenda zuriekin», ez eta legalak diren beste alderdi batzuen bidez, De Cospedal-ek zehaztu zuenez. «Zorroztasunez» aritzeko esijitu zion Zapaterori.
Gainera, bere alderdiak auzi honetan gardetasun osoz jokatzen ari dela nabarmendu zuen, eta aldiz PSOEren jarreraren inguruan zalantza ugari dituztela utzi zuen agerian. «Gure mezuak ezin du argiago eta borobilago izan», aipatu zuen idazkari nagusiak.
Jaime Mayor Orejaren tesia -Gobernua ezker abertzalearekin negoziaketetan dabilela, alegia- bere egiten ote dituen galdetuta, horretaz ez zuela ezer esango esan zuen Cospedalek.
Basagoiti: «Bermerik ez dago»
Euskal Herrian, bitartean, Antonio Basagoitik ere ilegalizazioari eustea behar-beharrezkoa dela esan zuen. Neurri hori duela zortzi urtetik indarrean dagoen arren, bere hitzetan hurrengo hauetan ez egotea litzateke gauza erabakigarria. «Orduan Batasunak jai du, bukatuta egongo da eta partida irabazita izango dugu», ziurtatu zuen.
«Hitzak oso politak direla irudi arren, ez gaude edozein gauza sinesteko moduan. Gauza zehatzak behar ditugu, hau da: ETAk hiltzeari utz diezaiola eta hauek [Batasuna] ETArekin apur dezatela. Eta hau ez da gertatu», erantsi zuen Basagoitik.
Gainera, ezker abertzaleak daraman ibilbidea Alderdi Legeari esker gertatu dela uste du PPk Euskal Herrian duen ordezkari nagusiak, eta ondorioz horrekin jarraitu behar dela ondorioztatu zuen Basagoitik.
Hauteskundeetako atea isten bazaie, «gehiago sinestuko diegu, orduan ikusiko da asmo onak dituzten ala ez. Hau egiaztatzeko, zinegotzik gabe, dirurik gabe, bozgoragailurik gabe utzi behar ditugu. Ea horrela ETArengandik bereizten diren esaten jarraitzen duten», bota zuen erronka Basagoitik.