GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Periodista

Albuquerquetik gertu dago El Paso

Iragan asteburuan ospatu da AEBetako kirol zitarik garrantzitsuena, Super Bowl deritzona. Mexiko Berriko Albuquerque hirian, aldiz, ospakizun alternatiboa egin zuten jai egunaren aterkipean. Euskal Herrian edozein egunetan egin daitekeen argazkia eskaini zuten, ameriketako indiar nazioaren alde borrokatzeagatik giltzapean duten Leonard Peltier presoaren askatasuna eskatuz.a

Oglala edo lakota honek, 35 urte bete zituen ostegunean espetxean, gezurretan eta manipulazioan oinarritu zen epaiketa baten ondorioz. 1977an FBIko bi polizia hil izana egozten diote, eta minbizia duen arren, geureei bezala, preso politiko honi ere ukatu egiten diote sendagileen artatze egokia. Bill Clintonek presidente kargua hartu aurretik emandako hitza noiz beteko duten zain segitzen du oraindik Lewisburgeko ziega ilunean. Barack Obama Bakearen Nobel saridunak ere badu Alderdi Demokratak agindutakoa betetzeko aukera eta boterea, baina ez, antza, borondate nahikoa.

Lau orduko bidaia baino ez dago Albuquerquetik Texaseko El Paso hirira, baina duintasuna nola ordaintzen den ikusi ahal izateko bata eta bestearen arteko distantzia eginezina da. Egunotan ari baitira bertan epaitzen Luis Posada Carriles terrorista ezaguna; baina beste behin ere epaiketa fartsa itzela izaten ari da Kubako Iraultzaren aurkako ekinean hamarka hilketa eta ekintza armaturen buru izan denaren aurkakoa. Are gehiago, AEBetan gatibu dituzten 5 kubatarren auzian ere pertsonaia garrantzitsua denean. Baina honetan ere, CIAko kide izandakoaren alde egingo dute Estatuko interesek.

Ez dira, baina, AEBetako preso politiko bakarrak. Peltierren garaikide Mumia Abu Jamal Pantera Beltzetako kidea heriotzaren korridorean mantentzen dute. Nik adina urte daramatza preso, eta duintasunak espazio eta denboraren araberako neurriak ez dituela onartzen behin eta berriz erakusten dio munduari.

Euskaldunok ez dugu naturalki beste herrialdeetako preso politikoen alde egiten, baina bihotzez eskertzen ditugu gureen alde atzerritik egiten dutenean. Internazionalismoa garatzeko ez dago inolako tour politikorik egin beharrik. Nahikoa da horien alde egitea. Free Peltier! Free Mumia Abu Jamal!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo