Euskal kantagintzan barna bidaia hunkigarria dakar «Euskal Herriko lur maitea» emanaldiak
60ko eta 80ko hamarkada artean sortuak, euskal kantagintzako abesti esanguratsuenak entzungo dira «Gu gira» proiektuaren jarraipena den emanaldian. Kursaalen bat egingo dute «lurrak, lirikak eta emozioek».
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Belaunaldi askoren oroimenean daude Txomin Artola, Pantxoa eta Peio, Urko, Niko Etxart edota Anje Duhalderen abestiak, ezabaezin. Horien eta beste askoren letrak garai baten ikur bilakatu ziren, hain zuzen, 60ko urteetatik 80ko urte artekoa; «mundua alda genezakeela pentsatzen genuen garaikoa», zioen atzo Txomin Artola abeslariak. Hitzok erabili zituen datorren larunbatean, otsailaren 12an -20.00etan-, Kursaalen eskainiko den «Euskal Herriko lur maitea» diskoaren kontzertuaz mintzatzeko. Beste euskal artistekin batera izen berbera duen diskoa kaleratu ostean dator emanaldia, orain bi urte egin zen «Gu gira» proiektuaren jarraipen gisa.
Lan honetan, «lurra, lirika, edertasuna eta maitasuna» elkartuko direla adierazi zuen Anjel Valdesek, Elkar-eko musika ekoizpenen arduradunak. Helburua argia da: «Denon barnean dauden abestien bidez ikuslea emozioen puxikan sartzea». «Hautatutako errepertorioa gure historian hogeita hamabost urteko atzerako bidaia egitea bezalakoa izango da». Emozioak ziurtatuta izango direla esanez, abestiei dagokienez, Valdesek ez zuen xehetasun handirik aipatu. Hala ere, musikari bakoitzak bere abesti ezagunenak eskainiko dituela baieztatu zuen eta Antton Valverdek joko duela lehen abestia, abenduan zendu zen Xabier Leteri omenaldi eginez.
Aipatutako Txomin Artolaz eta Antton Valverdez gain, Naia Robles, Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar, Gorka Knörr, Urko, Anje Duhalde, Niko Etxart eta Xabi San Sebastian -bere taldeaz lagunduta- izango dira Donostiako Kursaalen. Gontzal Mendibil & Xeberrik ere hartuko dute parte, hogeita hamabost urteren ondoren elkartuta.
Denak elkartzea izan da, Valdesen aburuz, zailena. Horregatik, ziur asko, Kursaalekoa kontzertu bakarra izango da. Artola, alboan zituen Antton Valverde eta Urko bezala, oso pozik agertu ziren ekimenarekin. Lehenengoari dagokionez, 2000n urrundu zen agertokietatik, baina honako proiektuan «bai ala bai» parte hartu behar zuela uste zuen. Gainera, semearekin batera egingo du.
Urkok, bestalde, faltan sumatu zuen Euskal Herritik artistikoki atera ezin izana. «Gainontzekoentzat badirudi ez garela existitzen». Zentzu horretan, esaterako, Madrilgo antzokiren batean kantatzea gustatuko litzaiokeela aitortu zuen. «Ea zer gertatzen den ikusteko».
Kontzertura joan ahal izateko sarrerak dagoeneko salgai daude -10 eta 24 euro artean- Servikutxan, baita Kursaaleko nahiz Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere.
Espectáculo: XXI. mendeko flamenkoa: Duquende con Chicuelo.
Fecha: 4 de febrero.
Lugar: Teatro Barakaldo (Barakaldo).
Kontzertua: Euskal Herriko lur maitea.
Parte hartzaileak: Txomin Artola, Naia Robles, Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar, Gontzal Mendibil & Xeberri, Gorka Knörr, Urko, Anje Duhalde, Antton Valverde, Niko Etxart eta Xabi San Sebastian bere taldeaz lagunduta.
Non: Kursaal jauregia (Donostia).
Noiz: Otsailaren 12an, larunbata.
Ordua: 20.00etan.