GARA > Idatzia > Mundua

Aipa ditzagun iraultzak: Tunisiakoa, Egiptokoa eta... Islandiakoa

Dagoeneko oso gutxi izango dira azken asteotan Egipton eta Tunisian izaten ari diren iraultza eredugarriak beren azaletara eraman ez dituzten komunikabideak. Halaber, gutxi izango dira Europan bertan -bai, Europan bertan- duela bi urtez geroztik gorpuzten ari den iraultza baten oihartzuna, Islandiakoa, jaso dutenak.

p036_f01_30222.jpg

Ruben PASCUAL I

Tunisiarren matxinadak oharkabean harrapatu zuen mundua. Inork espero ez zuenean, inork espero ez zuen herria 23 urteko loalditik esnatu zen, eta Ben Ali satrapa, Mendebaldeko demokraziek «betiko demokrata» gisa etiketatutakoa, kaleratu egin zuen. Duin eta eredugarri, tunisiar herriak irakasgaia esku-eskura jarri zien ingurukoei, eta erantzuna berehalakoa izan da: Egipto, Yemen, Jordania... Ikusitakoak ikusita, agintarien beldurra nabaria da. Beste zerbaitek ere eragingo du ikara baina, «bidezko jokaerak» defendatzera ohituta dagoen gure Europa honek bere baitan jazotzen ari den altxamendu baketsua isilarazi duenean: Islandiakoa.

Agian, Ekialde Hurbilean ematen ari den domino efektua ekiditeko ez da eman Europako iparraldeko herrialdean gertatutakoen berri: gobernu osoak dimititzea lortu dute herritarrek; banketxe nagusiak nazionalizatu dituzte; haiek eragindako zorrak ez ordaintzea erabaki dute; eta, hori guztia gutxi balitz, herri asanblada bat sortu berri dute Konstituzioa berridazteko. Herrialdea krisira eraman zuten botere ekonomiko eta politikoen aurkako altxamendua, gainera, bide erabat baketsuetatik gauzatu dute.

Munduko bazter ia guztiak dardarka jarri dituen krisi ekonomikoaren hasierak, triskantza eragin zuen Islandiako ekonomia ahulean. 2008. urtea zen eta herrialdea kinka larrian gelditu zen. Porrot eginda: burtsaren jarduna bertan behera utzi behar izan zuten bere balioa %76 jaitsi ondoren eta herrialdeko banketxe nagusiak, Landsbanki, Kauthping eta Glitnir, nazionalizatu egin zituzten -azken bi bankuon bezero gehienak Britainia Handian eta Herbehereetan daude-. Egoerak behartuta, Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) 2.100 milioi dolarreko mailegua eskatu behar izan zion Islandiak -Europako iparraldeko herrialdeek 2.500 milioirekin osatu zuten laguntza hura-. Herrialdearen demografiak berak ere ondorio latzak jasan zituen, izan ere, 1887. urteaz geroztiko emigrazio tasa handienera iritsi zen Islandia.

Gobernuaren dimisioa

Herritarrek berehala erantzun zioten egoerari, eta Reykjavikeko kaleetan ohiko bihurtu ziren protestaldiak. 2009ko urtarrilaren 23an, hauteskundeak aurreratuko zituela baieztatu zuen Gobernuak. Hiru egunen buruan baina, Geir H. Haarden kontserbadorearen gobernu osoak dimisioa eman behar izan zuen herritarren manifestazio erraldoiak ikusita. Apirilaren 25ean, ezkerreko indarrek hauteskundeak irabazi zituzten. Hori bai, hobekuntza ekonomikorik ez zen izan, herrialdearen barne produktu gordina (BPG) %7 erori baitzen 2009an.

Iazko urtarrilean, herriaren oniritzirik ez zuen lege proposamen bat erabilita, Herbehereekin eta Britainia Handiarekin hartutako zorra kitatzea jarri zen mahai gainean. Proposamenean, islandiar guztien artean 15 urteko epean eta %5,5eko interes tasarekin 3.500 milioi dolar ordaintzea jasotzen zen. Islandiarrak, hasarre, kalera atera ziren berriz ere: legea onartzekotan, erreferendum bidez onartzea eskatzen zuten. Urtarrilaren 10ean, Olafur Ragnar Grimsson presidenteak uko egin zion legea berresteari eta galdeketa egitea agindu zuen. Martxoan egin zen, eta emaitza ezin argigarriagoa izan zen: herritarren %93k banketxeen jarrera arduragabeak sortutako zorra ez itzultzearen alde egin zuten (NDFren laguntzen berehalako izoztea ekarri zuen horrek). Iraultza baketsuaren beste garaipen bat.

Kontua baina, ez zen horretan gelditu: Gobernuak krisiaren errudunak Justiziaren aurrera eramateko ikerketa abiatu zuen. Ez zen denbora luzerik igaro behar izan lehen atxiloketak iristeko: zenbait banketxetako zuzendariak, goi exekutiboak... atxilotu zituzten.

Islandiak krisialdiari erantzuteko emandako azken pausoek ere ez dute garrantzi txikiagoa: iragan azaroan Biltzar Konstituziogilea hautatu zuten, krisitik ikasitakoak aintzat hartuta, Konstituzio berri bat idazteko. Horretarako, 25 herritar aukeratuko dituzte 522 hautagairen artetik -30 urte baino gehiago izatea eta 30 lagunen babesa izatea soilik eskatzen zen hautagai izateko-. Hil honetan hasiko dira lanean, hau da, egungo Parlamentuak eta hurrengo hauteskunde legegileetatik aterako denak onartu beharko duten testua idazten.

Orain arte jazotakoek erakusten dutenez, duintasun eta ausardia lezio harrigarria eman dute islandiarrek; alegia, badagoela merkatuen eta NDFren aginduetatik kanpo bizitzea. Baliteke horixe izatea bertako egoera ezagutarazi nahi ez izateko arrazoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo