Julen MURGOITIO
Jakintza eta argia...
Eta horrela bizitzen gera Sortuz ta Sortuz gure aukera... lana eginaz goaz aurrera...» errepidetik Madril aldera... «atsedenik hartu gabe...» gure estatutuen jabe... «Ezkerrak badu inguru latz bat menperatzeko premia...» eta honezkero bide erdia eginda badago ia... «Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu, jakintza eta argia...» baina han beheko leihatiletan, batzuk urduri bene-benetan, irratsaioen orgia... «lege berriak noizbait erditu...» aukera onak orain baditu... ikusle denak ongi ohi daki itsuena zer den ona... «baiaren gudaz ezetza sortuz, ukazioa legetzat hartuz... bere premiak bete nahian...».
Sortuz sortu. Batzuek esperoko zuten, han-hemen espero ere, sortu ez baizik sartu egingo zutela; politika ofizialean sartzeko formazio politiko berria sortu. Baina ez. Sortu, bestelako bidea bestelako urratsetan egiteko sortua. Irentsia irentsi eta hara! Madrilerako bidera! Imajinatzen nago eszena-giroa. Plazaz alde batera, Diputatuen Jauregiaren atariko lehoiak, harri eginda. Plazaz beste aldera, lehoien aurrean, leihatila txiki-txikia, burdinsare batek babestua, eta behe-behean zulo mehe-luzetxoa. Formazio politiko berrien estatutuak ozta-ozta sartzeko zuloa izan ere. Zulotik eskua sartzen duenak ezin jakin bost hatzak aterako dituen ala ez. Ikusi-makusi. Paperetan zigilu bana ezarrita, eskua ateratzen saiatu eta hara! sustatzaileak badoaz iparrerako errepidetik, ahalik eta arinen, aire arnasgarriaren eske. Leihatilakoak, ostera, zigilua oraindik bero duten paperak eskuperatu, plazara arrapaladan atera, espaloitik korrika bi zakur izutu eta erretreta bidean doazen hiru atso sakatu ondoren, eskua altxatu, irmo altxatu ere, eta hara non pizza-banatzaile bat gelditu duen, eta eskupeko gutun-azala luzatuta agindua eman dio aitaren batean Fiskaltzara joan eta bertan eskutik eskura entregatzeko. Eta badoa, joan ere, mutila motozikletan, semaforoen gorria berde ikusita, orain galtzadatik, orain espaloitik, orain berdegune grisaxkatutik, eskua azeleragailuari eutsita... Eta bitartean, Gorte horretan aho-maskak dira nagusi, gehienak ahoetan. Gasaren aurkako, omen. Bai zera! Hatsa dario, bai, baina ez eguraldiari prezisamente.
Iparrerako bidean lagunak pozik. Euskaraz eta ingelesez maskarik gabeko ahoetan. Lastima bakarra beherako joan-etorri behartuan jaurtiki behar izan den ze-o-bia. Baina horrek ez du justifikatzen Gorteko hatsa. Eguraldi gizajoa!