Bego Bitorika, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzailea
Celaa anderearen Sailaren azpijokoa
Ingelesa ikasteko aitzakiarekin, euskara baztertu nahi dute. Gurasoen aurrean ingelera «karamelu» moduan erabiltzen ari dira
Isabel Celaaren Hezkuntza Sailak marko hirueledunean parte hartuko luketen ikastetxeak lortzeko dituen arazoak ekiditeko «tranpak» egiten hasi da. Eskaintza bereziak egiten ari da ikastetxeak «erosi» nahian. Baina, hau guztia argitu baino lehen markoari buruzko informazioa gogoraraziko dizuegu.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, hezkuntza eragile nagusiak kanpoan utzita, marko hirueleduna sortu zuen (sindikatu abertzale guztiak, eragile ugari, eta abar... kontra daude). Ikasturte honen hasieran deialdi bat ireki zuen berrogei ikastetxetan esperientzia moduan hiru urtez martxan jartzeko. Epe hau bukatu eta gero, beraien ustetan (hala izango da, noski) emaitzak onak badira, A, B eta D ereduak desagertuko dira eta inork nahi ez dugun hizkuntza eredu bakarra ezarriko da ikastetxe guztietan. Hiru urte hauetan ebaluaketak egingo dira, baina ez ikasleena, «esperimentuarena» baizik. Proiektu hau, inposaketa izateaz gain, txapuza bat izaten ari dela ikusten ari gara (metodologiarik gabe, irakasle baten gainean utziz ardura osoa, eta abar.) Ezin gara beraien jokoan sartu, ez eta babesa eman marko honi. Denon artean hiru urte barru martxan ez jartzea lortu behar dugu.
Zeintzuk dira markoaren oinarriak? Asteko ordu kopuruaren %20 gutxienez izan behar da hizkuntza bakoitzean (gaztelania, euskara eta ingelera) eta gainontzeko %40a zein hizkuntzatan eman ikastetxe bakoitzak erabaki dezake. Hau da, LHn gutxienez bosna ordu, eta DBHn seina ordu. Argi dago kaltetua ateratzen den hizkuntza euskara dela.
Zer suposatzen du honek? Kasu onenetan, gezurretako B eredu batera pasako garela, eta guk eta beraiek ondo dakigunez, B ereduak ez du euskalduntzen (B ereduan ikasleen herena baino ez da euskalduntzen beraien datuen arabera). Hainbat ikerketetan (tartean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak kaleratu dituenak) frogatuta geratu denez, Euskal Herrian ematen den egoera diglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek berma dezake soilik euskaraz bizitzeko gaitasuna, gainerako hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunarekin batera.
Ingelesa ikasteko aitzakiarekin, euskara baztertu nahi dute. Gurasoen aurrean ingelera «karamelu» moduan erabiltzen ari dira. Bestalde, jakin badakigu ere ingeleraren maila ez dela asko aldenduko oraingo D eredukoetatik. Gaur egun garbi dago lortzekotan D ereduak baino ez dituela lortzen euskaldun eleanitzak.
Zer gertatu zen? Oso ikastetxe publiko gutxi sartu zirela esperientzia honetan (Araban hiru, Bizkaian hamabi eta Gipuzkoan bat bera ere ez). 2011ko hasieran ere esperientzia zabaldu nahi du Sailak eta beste ikastetxe batzuetan marko berria jarri nahi du martxan, baina iraileko arazo berarekin jarraitzen du: ikastetxeak ez daude prest. Beraz, beraien eredua saltzeko azpijoko bat asmatu du: taldeka biltzen ari dira ikastetxeekin honako eskaintza hau eginez: «Marko hirueledunean sartuz gero, irakasle gehiago emango dizkizut eta gainera ez duzu eredu honen oinarria guztiz bete behar».
Oraingoan kontua eredu hau onartzen duten ikastetxe zerrenda luze bat egitea da. Berdin dio barruan zein eredu ezartzen den. Eta gainera, behin barruan egonez gero, eredu berri honen oinarriak ezarri beharko dituzte ikastetxeetan berandu baino lehen (beraien helburua euskara baztertzea baita).
Aurtengo matrikulazio kanpainan ere 2 urteko haurren gurasoei eskutitz bana helarazten ari zaie. Bertan, nahiz eta aukeratutako ikastetxean beraiek nahi duten eredua ez izan, betiko A, B eta D ereduez gain, eredu hirueledun berria ere aukera dezaketela esaten zaie (ereduak azaldu gabe eta hauen emaitzak eman gabe).
Lotsagarria da! Inork nahi ez duen eredu bat saldu ezinaren porrota ez erakustearren edozer egiteko kapaz dira. Ikastetxe pilotuen zerrenda, markoa betetzen ez duten ikastetxeekin handitzeraino. Zeren ebaluazioa egin behar dute horrelako balditzetan sartutako ikastetxeetan? Ikastetxe publikoen babesa dutela erakutsi nahi dute, besterik ez.
Ez gaitezen haien zurikerietan erori eta eredu bakarraren alde egin dezagun, baina euskaldun eleanitzak sortzen dituen eredu bakarraren alde.
Informazio gehiago, edo zehatzagorik behar izanez gero, jo ezazu gurera eta helaraziko dizuegu.