GARA > Idatzia > Kultura

Amodiozko gutunak, edo egunerokoa pizten duten plazer txikiak

A ze poza egunaren bukaeran etxera ailegatu eta postontzian lagun baten gutuna ikustean! Badirudi, ordea, egunerokotasunaren pizgarri den ohitura hori galtzen ari dela poliki-poliki. Halere, Bergaran bada lehiaketa bat urtez urte zaleak erakarri eta eskutitzak idazten segitzen duten gazteen lanak ezagutarazten dituena. Amodiozko Gutunen Txapelketaz ari gara. Bihar, San Balentin egunean, saria jasoko duten irabazleak ezagutu nahi izan ditugu.

p059_f01.jpg

Maider IANTZI |

Bihar, arratsaldeko zazpietan, banatuko dituzte Bergarako kultur etxean Amodiozko Gutunen XIX. edizioko sariak. Hagitz-hagitz kontent dago irabazlea, Idoia Galan, 22 urteko santurtziarra. «Ez nuen espero, eta zerbait espero ez duzunean ilusioa biderkatu egiten da», adierazi du. Lehiaketa gehiagotara aurkeztu da eskutitzekin, eta, txapelketez aparte, bere bizitzan ere gutunak idaztea gustatzen zaio. Ahalik eta gehienetan eskuz egiten du gainera, pertsonalagoa delako.

Maitasunezkoak bidaltzen dituen galdetuta, irribarrez erantzun du: «Ez, ez. Edonori idazten diot. Baina lehiaketetara bai aurkezten naizela maitasun gutunekin, eta Olentzerorentzako gutunekin ere bai».

Honela hasten da Bergaran lehenbiziko saria eskuratu duen idatzia: «Ene ametsetako Aviva: Ezagutzen zaitudanetik askotan galdetu diot neure buruari nola ikusten ote duzun mundua kristal horren atzetik. Esaidazu arren, nolakoak dira koloreak hor atzean? Eta geure aurpegiak? Ba al dakizu begiratzen zaitugunik bederen? Nola entzuten dira ahotsak hor barruan? Zer forma hartzen du munduak, zure errealitatetik at dagoen esfera baino ez denean? Ezagutzen zaitudanetik askotan pentsatu dut, zure leiho aurretik pasatzen naizenean, sekula ikusi ote nauzun, aditu ote didazun ezpainetatik irten nahian isilik daramadan hitza. Habibti entzun zenezake soinu barik. Habibti deitzen dizudalako neure kolkorako, ene maitea».

Egileak aitortu digunez, protagonista ez da egiaz existitzen, baina gutunetan oraingo gaiak sartzea atsegin du eta orduan izen bat bururatu zitzaion: Aviva. «Bilatzen ibili nintzen eta istorio hori etorri zitzaidan. Emakume arabiarraren estereotipoa oraingo Mendebaldeko kulturarekin lotu nahi nuen. Pixka bat erreala izatea nahi nuen».

Aviva

Izenak berak, Avivak, inspiratu zuen Idoia, udaberria esan nahi duelako eta loratzen den pertsona bat irudikatu zuelako. Gero, pertsonak loratzeko izan ditzakeen oztopoetan pentsatu zuen eta kristal hori ikusi zuen, Avivaren eta errealitatearen artean.

Gutun mota guztiak ditu gogoko, gutxi gorabehera edozein gai sar daitekeelako horrekin erlazionatuz, baina maitasunezkoak gustatzen zaizkio bereziki, hagitz zintzoak direlako, bihotzetik idatziak.

Txikitatik izan du ohitura idazteko. «Koadernoetan istorio motzak idaztea gustatzen zitzaidan, edo erdaraz zeuden abestiak euskarara pasatzea, letrak aldatzea ere bai... Eta nagusiagotan, istorioak asmatzea. Beti disfrutatu izan dut, batez ere literatura orokorrean maite dudalako eta irakurzalea naizelako». Idaztera dedikatu nahiko luke, denbora benetan gustuko zer edo zeri eskaintzea pribilejio bat delako, baina kontziente da bidea ez dela erraza eta aukera anitz dituela bidean gelditzeko. Halako sariek, dena den, ilusioa berpizten diote.

Bigarren sarituari ere, Alaine Agirreri, ilusio handia egin dio aitorpenak. «Sari hau oso polita eta originala da. Gainera, momentu egokian etorri zait, espero ez nuenean». Gaztea da bera ere; 20 urte ditu eta bermeotarra den arren Bilbon bizi da.

«Maitasun inkoherente batek eta pentsamendu inkoherente askok ekarri zuten gutun hau», jakinarazi du. Benetakoa edo asmatua den galdetuta, honela erantzun digu: «Literatura hori da. Idazten duenaren eta irakurlearen arteko joko bat, lerro artean irakurtzeko joko bat, benetakoa eta fikziozkoa urtzeko era bat». Orduan, irakurleak ez daki zer den egiazkoa eta zer ez; hori da sekretua.

Amodiozko gutunak ez horrenbeste, baina lagunei gauza txikiak bidaltzeko ohitura badu posta tradizionalez: musika, prentsatik jasotako zatiak... Lagun berezi batzuekin egiten duen jolas moduko bat da. Berarentzat, egun gogor batean etxera heldu eta gutun bat jasotzea egunerokotasuna pizten duen plazer txikietako bat da.

Idazteak beti lagundu izan dio eta anitz idatzi izan du. Denetarik: poesia, prosa, gehienbat pertsonaien istorioak. Gauza ugari kaxoian gelditzen dira, baina bertze batzuek saria lortu dute, Bergaran aurkeztutako honek bezala. Idoiaz eta Alainez gain, bihar saria jasoko dute Elene Etxanizek, Deiane Lagek eta Jaione Isazelaiak.

Alainek orain dela denbora dezente idatzi zuen bere gutuna, eta, kontatu digunez, iragana izan zen oihartzun baten legez gelditu zaio. Hona hasiera, artikuluaren postre gisa: «Egunon, printzesa: E tekla zapaltzen dut, baina zapaldu barik. Logureagaz bezala. Atzamarra zure begian pausatuko nukeen era berean. Zapalduz, baina zapaltzera heldu gabe. Kasik laztanduz. G letra ukitzen dut. Eta imajinatzen dut zure gerria ari naizela ukitzen. Mendi dira zure aldakak. Eta haietara igotzean bihurguneetan galtzen naiz. Trena bere errutinara lotzen duen trenbidetik deskarrilatzen den eran. Errealitatea suizidatuz bezala. U letra... Ia ukitu gabe. Ia. Atzamarra zure samatik. Ia gabe. Baina besoetako ileak tente jartzen zaizkizu».

Nola ligatzen dute bertze animaliek? Gizakion antzera edo hagitz desberdin?

Londreseko Historia Naturalaren Museoan zabaldutako erakusketa berria animaliek limurtzeko erabiltzen dituzten tekniken ingurukoa da. Harrigarri egiten ahal zaizkigu; batzuk gureen antz handia dutelako -opariak, kantuak, dantzak... -, eta bertzeak erabat desberdinak direlako. Txerri mota batek, adibidez, pixa botatzen dio maiteari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo