GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk euskaldunen burujabetasuna aldarrikatu du Donostian

Milaka pertsona bildu ziren atzo Donostiako kaleetan Euskal Herriaren burujabetasuna «sasi guztien gainetik» aldarrikatzeko asmoz. Estatu espainiarrak zein frantsesak beraien asimilazio estrategiekin ezartzen duten presiotik askatzea dute helburu Euskal Herrian Euskarazek deituriko manifestazioan parte hartu zutenek. Amaieran, Txillardegik omenaldia jaso zuen, euskararen alde urteetan egindako lanagatik.

p022_f02_321x312.jpg

O. LLORENTE - N. BELASTEGI |

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak deituriko manifestazio nazionalak Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko balio izan zuen. EHEko kideek adierazi zutenez, herriak erabakitzeko aukera izan behar du, eta horretarako bidea «frantziar eta espainiar konstituzioetatik askatzea da».

4.000 euskaltzale inguru bildu ziren atzo Donostiako kaleetan, eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren. «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» leloa zeraman pankartaren atzean «Euskal Herrian euskaraz», «Euskara hizkuntza ofiziala», «Euskara ofiziala Euskal Herri osoan» edota «Sasi guztien gainetik, euskaraz» oihukatzen zuen jendeak. Milaka aurpegi anonimoen artean, eragile desberdinetako ordezkari ezagun ugari ere bildu ziren.

Martxa 17.15ak inguru hasi zen, eta, Donostiako kaleak zeharkatu ondoren, bildutakoak Boulevardera itzuli ziren. Bertan, EHEko kide Unai Larreategik hartu zuen hitza. Donostiara gerturatu ziren guztiei eskerrak eman ostean, bildutako pertsona bakoitzak «Euskal Herria berreuskalduntzeko nahia eta grina izan badirela» erakusten duela nabarmendu zuen. Atzoko mobilizazioarekin masa kritikoa bizirik dela erakutsi dutela nabarmendu zuen, eta, jarraian, «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera» igarotzea eskatu zuen.

Igone Lamarain EHEko kideak, bere aldetik, manifestazioaren leloa oinarri hartu eta euskarak jasan behar izan dituen eta oraindik ere pairatzen dituen asimilazio estrategiak salatu zituen. «Estrategia horien muinean hizkuntza ordezkapena dago», baieztatu zuen. Lamarainen esanetan, euskaldunek euskaraz bizi nahi dute, baina, aldiz, «ezin dute gaztelerak eta frantsesak euskara menpeko hizkuntza bilakatzen dutelako».

Bestalde, herri euskaldunaren afera agenda politikoaren erdi-erdian kokatzen dela azaldu zuen. Horregatik, «lurraldea askatzea herri euskalduna askatzeko tresna moduan» ulertu behar dela gaineratu zuen.

Lamarainek esan zuenez, EHEk «euskaraz bizitzearen aldeko apustua» egiten du, eta, hori lortzeko, «Euskal Herria burujabea izan behar da». Hala, konstituzio espainol eta frantsesetik askatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Larreategik euskararen alde lanean jarraitzea ezinbestekotzat jo zuen, eta datozen hitzorduetan, adibidez, Korrikan, parte hartzeko deia egin zuen Boulevardeko kioskoaren inguruan bildutakoen aurrean. Datorren martxoaren 19an urtero ospatzen duten Euskaraz Bizi Eguna egingo dutela iragartzeko ere baliatu zuen aukera. Aurtengoan, Gernika-Lumon izango da. Euskal herri euskalduna eraikitzeko dinamikak aurrera eramatearen ezinbestekotasuna ere azpimarratu zuen Larreategik.

«Euskara batuaren aita»

Euskararen aldeko hitzordua izan zen atzokoa, eta ezin zen falta urte luzez hizkuntzaren alde lan nekaezina egin duen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Berak onartu zuen bezala, omenaldiak ez ditu gustuko, baina atzo egin ziotena «pozarren» hartu zuen, bera Euskal Herrian Euskarazko sortzaileetako bat izan baitzen.

Beñat Gaztelumendik pare bat bertso bota ondoren, Joxe Agustin Arrietak hartu zuen hitza Txillardegik euskalgintzan, literaturan eta soziolinguistikan egindako lana goraipatzeko. «Zaila da pertsona apalei omenaldia egitea, baina, oraingo honetan, protesta egiten badu ere, onartu egin beharko du», esan zuen. «Euskara batuaren aita» bezala izendatzeaz gain, hizkuntzaren oinarriak aztertzen Txillardegik egindako lana goraipatu zuen.

Literaturgintzari dagokionez, Victor Hugorekin konparatu zuen, idazkera legeei jarraitu beharrean bihotzak eta buruak esandakoa idazten duelako. Gainera, Arrietaren arabera, intelektual konprometitua da Txillardegi, «inoiz ez duelako milikaririk izan pankarta bat hartzeko».

Txillardegi txalo artean igo zen kioskora eta mintzaldi laburra eskaini zuen. «EHE sortu genuenean ez genuen uste hain beharrezkoa izango zenik euskararentzat», adierazi zuen.

«Kataluniarrek bezala jokatzen hasi behar dugu euskararen arazoa konpontzeko»
Jose Luis ALVAREZ ENPARANTZA, «TXILLARDEGI»
Hizkuntzalaria, idazlea eta politikaria

Donostian jaio zen, 1929an. Euskara bere kabuz ikasten hasi zen 1949an. Ingeniaritza ikasi zuen eta ikaskide batzuekin Ekin sortu zuen. 1979an Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeko kide da 1993az geroztik.

Txillardegik ez zekien zer gertatuko zen atzo jasotako omenaldian, baina bazekien hunkigarria izango zela. Omenaldiak jasotzea gustatzen ez bazaio ere, honako hau pozez jasoko zuela iragarri zuen euskaltzaleak ostiralean egindako elkarrizketan.

Zer-nolako garapena izan du euskarak zuk ikasi zenuenetik?

Egoera askoz hobea da. Ni ezkorra izaten naiz, baina kasu honetan baikorra naiz. Euskara hizkuntza erabilgarria da gaur egun. Aparatu politikoan ikusten dut nik arazoa; adibidez, euskara Nafarroako hizkuntza izan arren, Nafarroan Gobernua bera dago aurka.

Zein etorkizun ikusten diozu hizkuntzari?

Etorkizun ona ikusten diot. Uste dut euskaldunok oso ondo jantzita gaudela eta askok elebitasun orekatuari buruz ziotena mito bat zela. Nahiz eta hizkuntza gehiago jakin, beti bat nagusitu behar da. Guk euskarari lehenengo maila eman behar diogu, eta gainontzekoak beste funtzioekin lotu behar ditugu.

Euskararen arazoa euskaldun gutxi daudela baino, gutxik erabiltzen dutela da.

Matematikoki hori ikusten da. Erdaldunek espainola edo frantsesa inposatzen digute, eta, euskaldunok, edukazioz eta pazientziaz, euskara alde batera uzten dugu, denek ulertzeko. Nire ustez, kataluniarrek bezala jokatzen hasi behar dugu hori konpontzeko; jarrera oldarkorra izan behar dugu.

Katalunian jarraitzen duten metodologia aplikagarria al da Euskal Herrian?

Uste dut baietz. Katalunian katalana irakasten dute beti, eta unibertsitateko irakasleek ere katalanez hitz egiten dute; ez dakienak, azkenean, ikasi egiten du. Hori da euskararekin duen desberdintasuna; guk ia-ia baimena eskatu behar dugu hitz egiteko. Holandan ere flandesera hitz egiten dute, arazorik gabe.

Euskara batuak hizkuntza zabaltzeko balio izan al du?

Bai, lehen euskalkiekin genuen arazoa konpondu egin delako. Lehen ezin ulertu ibiltzen ginen, eta, orain, literaturan, ia guztiz bateratu da hizkuntza. Irrati eta telebistan ere euskara batua erabiltzen da. Hala ere, oso ondo iruditzen zait Bizkaiko irrati batek bizkaiera erabiltzea, interesantea da. Baina denontzat ulergarria den tresna bat ere badugunez, hori sustatu beharko genuke.

Euskararen normalizazioaren bidean, nondik hasi beharko ginateke?

Norbanakook eta instituzioek, biok batera, eman beharko genuke pausoa. Alde batera utzi behar dugu gatazka, eta euskara bultzatzen hasi. Irlandan independentzia lortzerakoan gaelikoaren arazoa gerorako utzi zuten; ondorioz, gaur egun ia desagertu egin da. Euskararekin berdina ez gertatzeko, gaur bertan hasi beharra dugu lanean.

Zer behar da euskara Euskal Herri osoan ofiziala izateko?

Arazoa politikoa da. Alderdiek tresna politikoak erabiltzen dituzte, eta telebistak segun eta nork agintzen duen aritzen dira. ETBn, esaterako, nabaria da gobernuan PSE dagoela.

Omenaldia nola hartzen duzu?

Euskal Herrian Euskaraz taldeari ezin diot ezer esan omenaldiari buruz, izan ere, ni neu ere talde horretakoa izan nintzen. Oso pozgarria da 81 urterekin omenaldi hau jasotzea eta esker handia ematen diet. Uste dut biharko [atzoko] ekitaldia hunkigarria izango dela.

Un cartel excepcional para una medida de la misma índole

Txillardegik ez zekien zer gertatuko zen atzo jasotako omenaldian, baina bazekien hunkigarria izango zela. Omenaldiak jasotzea gustatzen ez bazaio ere, honako hau pozez jasoko zuela iragarri zuen euskaltzaleak ostiralean egindako elkarrizketan.

Zer-nolako garapena izan du euskarak zuk ikasi zenuenetik?

Egoera askoz hobea da. Ni ezkorra izaten naiz, baina kasu honetan baikorra naiz. Euskara hizkuntza erabilgarria da gaur egun. Aparatu politikoan ikusten dut nik arazoa; adibidez, euskara Nafarroako hizkuntza izan arren, Nafarroan Gobernua bera dago aurka.

Zein etorkizun ikusten diozu hizkuntzari?

Etorkizun ona ikusten diot. Uste dut euskaldunok oso ondo jantzita gaudela eta askok elebitasun orekatuari buruz ziotena mito bat zela. Nahiz eta hizkuntza gehiago jakin, beti bat nagusitu behar da. Guk euskarari lehenengo maila eman behar diogu, eta gainontzekoak beste funtzioekin lotu behar ditugu.

Euskararen arazoa euskaldun gutxi daudela baino, gutxik erabiltzen dutela da.

Matematikoki hori ikusten da. Erdaldunek espainola edo frantsesa inposatzen digute, eta, euskaldunok, edukazioz eta pazientziaz, euskara alde batera uzten dugu, denek ulertzeko. Nire ustez, kataluniarrek bezala jokatzen hasi behar dugu hori konpontzeko; jarrera oldarkorra izan behar dugu.

Katalunian jarraitzen duten metodologia aplikagarria al da Euskal Herrian?

Uste dut baietz. Katalunian katalana irakasten dute beti, eta unibertsitateko irakasleek ere katalanez hitz egiten dute; ez dakienak, azkenean, ikasi egiten du. Hori da euskararekin duen desberdintasuna; guk ia-ia baimena eskatu behar dugu hitz egiteko. Holandan ere flandesera hitz egiten dute, arazorik gabe.

Euskara batuak hizkuntza zabaltzeko balio izan al du?

Bai, lehen euskalkiekin genuen arazoa konpondu egin delako. Lehen ezin ulertu ibiltzen ginen, eta, orain, literaturan, ia guztiz bateratu da hizkuntza. Irrati eta telebistan ere euskara batua erabiltzen da. Hala ere, oso ondo iruditzen zait Bizkaiko irrati batek bizkaiera erabiltzea, interesantea da. Baina denontzat ulergarria den tresna bat ere badugunez, hori sustatu beharko genuke.

Euskararen normalizazioaren bidean, nondik hasi beharko ginateke?

Norbanakook eta instituzioek, biok batera, eman beharko genuke pausoa. Alde batera utzi behar dugu gatazka, eta euskara bultzatzen hasi. Irlandan independentzia lortzerakoan gaelikoaren arazoa gerorako utzi zuten; ondorioz, gaur egun ia desagertu egin da. Euskararekin berdina ez gertatzeko, gaur bertan hasi beharra dugu lanean.

Zer behar da euskara Euskal Herri osoan ofiziala izateko?

Arazoa politikoa da. Alderdiek tresna politikoak erabiltzen dituzte, eta telebistak segun eta nork agintzen duen aritzen dira. ETBn, esaterako, nabaria da gobernuan PSE dagoela.

Omenaldia nola hartzen duzu?

Euskal Herrian Euskaraz taldeari ezin diot ezer esan omenaldiari buruz, izan ere, ni neu ere talde horretakoa izan nintzen. Oso pozgarria da 81 urterekin omenaldi hau jasotzea eta esker handia ematen diet. Uste dut biharko [atzoko] ekitaldia hunkigarria izango dela

N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo