GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Hausnarketa eta ekimena

Euskal Herriko Bilgune Feministak erakunde politiko publikoen inguruko mintegia burutuko du datorren larunbatean (09:30ean Bilboko La Bolsa eraikinean). Aurreko urteotan garatuz joan den hausnarketaren ondorio eta jarraipen gisa, era guztietako emakumeon ikuspuntutik partekatzeko eta adosteko nola eta zein tresna eraginkorrez eragin erakunde publikoetan, hauek garatzen dituzten genero politika horietan emakumeon partaidetzak leku nagusia izan dezan nahitaezkoa delako, eta ildo horretatik, hainbat direlako gai honen inguruan kezkagarri diren aspektuak.

Batetik, erakunde publikoek bideratzen dituzten politika horiek zein berdintasun-ideia zabaltzen duten; eredu hori benetan emakumeok behar duguna, osotasuna kontuan hartuta, eta geuk nahi duguna lortzera zuzentzen ote den, ondorio erreal eta ukigarriak ote dituen, borroka feminista erakundetua erakusteaz harago, hau da, borroka horretan zenbait aspektu, nabarmen eta mediatikoenak, landuta arazoaren behin betiko konponbidean bageunde bezala. Lan-munduko datuek, emakumeen kontrako indarkeriak, boterearen jabetzak, pobreziaren aurpegiak eta gizartearen beste hainbat aspektuk guztiz kontrakoa erakusten jarraitzen diguten bitartean.

Bestetik, hori guztia aintzat hartuta, egun boterean dauden alderdien eta horiek osatzen dituzten politikarien helburu eta lehentasunetan zenbateraino duen lekua emakume eta gizonen arteko berdintasunaren erronkak, hauteskunde-programetako beste puntu bat erakusteaz harago, politikoki egokia dela inork ez baitauka zalantzarik. Behin erakunde publikoen gidaritza erdietsita noraino hartzen duten kontuan eta interesatzen zaien horretarako betebeharrei ildo ugaritik heldu behar zaiela, eta ez hori bakarrik, baizik eta pertsona askoren eskutik egin behar dela, herritarron parte-hartzearekin, alegia, eta horretarako benetako aukerarik ematen duten.

Gai horiek eta beste batzuk izango dira hizpide Bilgune Feministak antolaturiko mintegian. Hala ere, herritarron partaidetzaren haritik eta erakundeak eta kudeatzen dituzten politikariak alde batera utzita, une batez, herritarron jarrera eta konpromisoari ere erreparatu beharko litzaiokeela iruditzen zait. Geu izanik politika horien onuradun edo kaltetu, baina helburu betiere, konfiantza ezan eta etsipenean trabatuta geratu garela iruditzen baitzait, politikan eragiteko betarik ez dugulakoan, erosotasun ezkorrean ohituta.

Izan ere, nork du benetan bere hitzak zerbaiterako balio dezakeelako sentsazioa? Eta, aldiz, zenbatek uste du erakundeen jardunean herritarron hitzaren balioa itxura kontua besterik ez dela? Laburbilduta, «zertarako saiatu, frustrazioa eta letxe txarra baino ez badit ekarriko?» uste zaharra, uste ustela. Geure buruarengan ez sineste horrek, batasuna eta eragiteko adostasuna bilatzea alde batera uzte horrek botereak betidanik lortu nahi izan duen xede hori bultzatu eta lagundu baino ez du egiten.

Hortaz, ongi etorriak halako mintegiak, ongi etorria hausnarketaren bidetik mugimendua eta batasuna bilatzeko ekimen oro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo