GARA > Idatzia > Kultura

«Etxebizitzaren arazoa eta gure asmo burgesegiak salatu nahi ditu komikiak»

p049_f01.jpg

Pernan GOÑI I Marrazkilaria

Pernan Goñi (Oñati, 1969) marrazkilaria jaioterrian bertan hasi zen marrazten, bere esanetan komikiak sortzea modan zegoen garaian. Gaztetan «Napartheid» fantzinean parte hartu zuen, besteak beste. Leioan Arte Ederrak ikasi zituen, eta egun erabat bilbotartuta dago. Haurrei arte eskolak eman dizkie, Animatu animazio enpresa sortu zuen eta egun makina bat egitasmo ditu buruan. GAUR8ko kolaboratzailea dugu.

Anartz BILBAO |

Marrazkiari lotuta izan da beti Pernan Goñi, Oñatiko lagunekin komikiak sortu nahia sentitu zuenetik. Eta geroztik horretan dihardu. «Marrazkigintza asko interesatzen zait», aitortu digu berak, GARA egunkariko GAUR8 gehigarrian larunbatero egiten duen lanaz jarduteko egin dugun hitzorduan, komiki aleak elkartu eta «Alokairuan» albumean plazaratu berri dituela-eta.

Autoekoitzitako bildumak egunkarian azken bi urteotan eman dituen alerik hoberenak agertzen ditu koloretan. Eta hiriko etxe bat alokatu eta partekatzen duten pertsonaia batzuen gertaerak azaltzen dizkigu, umorez. «Nolabait serie luze bat egin nahi nuen -agertzen digu Goñik-, pertsonaia batzuk eta egoera bat mantenduz. Ordura arte beti oso kontu puntualak egiten nituen; pertsonaiek ez zuten garapenik eta lanak zahartu egiten ziren denbora iragan ondoren, ez zuten irauten».

Eta oñatiarrak iraupena izango zuen sorta bat egin nahi zuen, gaurkotasunetik kanpo diren gaiak landuko zituena. «Hauek ederrak dira eta maite ditut, gero irakurri eta urteko laburpen bat bezala direlako, Zaldieroarenak eta; baina eguneko titularrak oso dirdiratsuak direnez, ez digute uzten ikusten gaurkotasuna ez dena». Eta Euskal Herrian XXI. mendean etxebizitzarekin zer gertatzen den eztabaidagai zenik ikusten ez zuenez, gaia umorez lantzea erabaki zuen, garai edo kokagune jakin batetik kanpo ere ulertzeko moduan. «GARAn egitasmoa aurkeztu eta onartu egin zidaten, puntu kritiko bat izateko eskatuta».

Beraz, «pisu ikaragarrietan alokairuan bizi garenon komiki bilduma» legez aurkezten du Goñik berak «Alokairuan». «Etxebizitzaren merkatua ez dago ondo araututa; ez dago esan beharrik. Eta kontua salatu nahi nuen modu fin batez, zuzenean agertu gabe, baita beharbada gure asmoak burgesegiak direla ere», agertzen du egunkarietako komikietan ere politikoki zuzena ez denak gero eta tarte gutxiago duenaren susmoa duen marrazkigileak. «Nik ez dut nahi etxe bat jabegoan, baina bai etxe batean ondo, eroso, bizi ahal izatea. Zulagailuarekin zulo bat egin nahi badut egin ahal izatea, ziria sartuko ez didatela jakitea, 50 urte dituelako txorrota bat apurtzen bada ordaindu behar ez izatea, nik bertan bi urte baino ez daramatzadalako...» zerrendatzen dizkigu gertaerak. «Bi aukera daude egun: alokairu kutrea edo hipoteka. Eta ez, ez dut nahi ez bata ez bestea».

Jendearengana heldu

«Beti alokairuan bizi izan naizenez, bizitako egoerak erakutsi nahi nituen, eta astez aste txiste autokonklusiboak asmatu, pertsonaia batzuk mantenduta», dio lanean gorabeheratsua dela onartzen duen Goñik. «Egun batean hamar gidoi asmatzen ditut eta hurrengo bi hilabeteetan bat bera ere ez. Baina ondo antolatzen naiz lehortearen aurretik ideiak metatzeko».

Lanerako askatasun osoa duela dio, eta bere buruari mugak berak jartzen dizkiola. «Alokairuan» bilduma egiteko, pertsonaia estereotipoak sortu nahi zituen, baina bere esanetan, «uste dut ez dudala asmatu». Batzuetan pertsonaiak sortu eta joko asko emango dizutela uste baituzu, eta ez da horren erraza izaten nolako jokabidea izango duten antzematea. «Analisi soziologiko bat egin nahi nuen, eta errealitatean gertatutako kontuak azaldu, oso puztuak eta esajeratuak jarri arren. Lan kostunbrista egin nahi nuen, fantasiarik gabe». Puntu honetan fantasiaz mintzatu eta «zorro magiko bat da -onartzen du Pernanek-. Ideiarik gabe zaudenean, bertan eskua sartu, herensuge bat atera eta gainditu duzu eguneko lana», azaltzen du.

Eta komiki bildumak umorea ardatz duenez, lortu nahi duen kostunbrismo horrek «umorea oso fuertea, oso barregarria ez izatea dakar» onartu digu. «Nik txistea egin nahi dut, baina ez dut formularik errepikatu nahi, ezta kriptikoa izan ere. Eta horrela ez da erraza jendearengana heltzea».

«Lanen banaketa arazo bat da, eta serio hartzeko kontua»

Egun GAUR8 gehigarrian «Mamufrikiak» eta sorta berri bat lantzen dihardu Pernan Goñik. Komikiak erakargarri gertatzearen kezka duen artistak azkar marrazten duela aitortu digu, eta egitasmo piloa dituela, tartean nobela grafiko bat gauzatzea.

Autoekoizpenean plazaratu duen komiki bilduma, Lakuak hedapenerako dituen diru laguntzetako bat baliatuta eman du. Euskarazko edizioa «Alokairuan» deitzen da eta 500 alekoa da, eta gaztelerazkoa «Horror morror», beste horrenbeste alekoa. «Autoedizioan esperientzia dut eta badakit ez dela horren zaila -onartu du egileak-. Benetako arazoa banaketarena da».

Pernan Goñiren aburuz, «banaketa zaila da, eta lana zabaltzen ez baduzu ez du irteerarik, ez da existitzen. Serio hartzeko kontua da». Beraz, lehen pausua editatzea bada, bigarrena banatzea dugu. «Lehena bermatu nezakeen, baina bigarrena ez. Eta deliberatu nuen ezberdina zela banatzea eta banaketarekin dirua irabaztea». Argiago esateko, «bana nitzakeen bildumak Termibusen kutxa batzuk utzi eta doan emanda. Hedatuko zen lana, baina ez oso ondo; akaso jendeak ez zuen interesik jarriko-eta».

Irtenbide egokiak aztertzen, «TMEO» aldizkariarengan pentsatu zuen oñatiarrak. «Beraien albumak bezala, nirea ere bana zezaten proposatu nien. Eta oso sare `boluntariosoa' dutenez, ez zitzaidan ondo iruditzen merkatuko tratu estandarra eskatzea. Horregatik, bilduma 7 euroan jarri -beraien albumen prezioan- eta salmenten % 90a jaso zezaten eskaini nien, niretzat % 10a gordeta, normalean egileek irabazten dutena». Printzipioz bere kontrakoa ematen du tratuak -lagunek zoratuta ote zegoen itaundu zioten-, «baina egin nezakeen, diru laguntzari esker inprentaren zama sasiordainduta nuelako. Askok autoekoizpenean dirua galdu dute, eta beraien lana ez dute ikusarazi. Eta nik lehen helburua lortu dut; ez dut dirua galduko. Bestela ere ez nuen etekinik lortuko, eta, gainera, lana ikusi egingo da, erakutsi egingo dut».

Azken finean, egindako lana ezagutaraztea da oñatiarraren helburu nagusia, «lana zabaldu eta komiki munduan egotea. Lehen, nahiz eta asko marraztu [hortik bizi da] ez nintzen inor, ez nuelako albumik. Eta orain ez nago lurpean, etzanda bada ere bistan nago. Eta radarrek detektatu egiten naute!». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo