Aitzol eta Euskal Pizkundea sortu zuen belaunaldi osoa omenduko dute 2011n
O. LARRETXEA | TOLOSA
Gerra aurreko garaiak ziren; garai zailak, traba ugarikoak. Oztopoei aurre eginez, ordea, Jose Ariztimuño Olaso Aitzol (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) gogor aritu zen euskararen, euskal kulturaren eta herrigintzaren alde lanean. Orain, berak eta Euskal Pizkundea deritzon garaiko belaunaldiak geure kulturari eta hezkuntzari egindako ekarpenak aitortzeko, Tolosako Udalak sustatuta, «Aitzol Euskal Pizkundea» ekimena ospatuko da 2011n, aurtengo urriaren 17an 75 urte beteko baitira faxistek Aitzol fusilatu zutela.
Tolosan jaio bazen ere, idazle, kazetari eta elizgizon honen zereginak Euskal Herri osoan barrena barreiatu ziren eta, alde horretatik, urtean osoan egingo zaion omenaldiarekin bat egin dute hainbat udalerrik nahiz erakundek. Hain zuzen, atzo horiek guztiak izan ziren Tolosako udaletxean egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren, besteak beste, Eusko Ikaskuntzako, Gipuzkoako Aldundiko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Bertsozale Elkarteko ordezkariak, baita Donostiako, Zarauzko eta Mungiako udal ordezkariak ere.
Aitzolekin batera, urrezko belaunaldi hori hamaika izenek osatzen dute, batzuk besteak baino ezagunagoak, baina guztiek ere oso lan baliagarri burutu zuten. Euskal Herriaren alde hartu zuten konpromisoa nabarmendu zuen Jokin Bildarratz Tolosako alkateak, eta urte osoan gauzatuko diren ekintzen bidez ezinbestekoa dela hori guztia «gaur egungo belaunaldi gazteei helaraztea».
Premiak eta prestigioa
Anjel Lertxundiren esanetan, «euskarari prestigioa» eman zion Lizardi, Orixe, Elbira Zipitria, Xebe eta Xabier Peña anaiak, Dolores Arrila eta beste askok osatu zuten talde handiak. «Euskararen irakaskuntzaren oinarriak jarri zituzten -zioen-, antzerkia dinamizatu zuten, prentsa sortu eta suspertu zuten». Idazleak esan zuenez, «Pizkundeak benetako premiei egin zien aurre, benetako gizarteari begira egin zutelako lana».
«Kosmopolitak» zirela baieztatu zuen, bestalde, Ramon Labaien Sansinea tolosarrak, «espiritu zabalekoak zirelako: iraganera begiratzen zuten etorkizunari forma emateko».
Hemendik aurrera herri eta erakunde bakoitzak auzolanean antolatuko ditu ekarpen handi haiek egin zituzten belaunaldia omentzeko ekintzak. Gainera, www.euskalpizkundea.net gunea sortu dute ospakizunen berri xeheki emateko.