GARA > Idatzia > Ekonomia

Correak historikotzat jo du indigenek Chevron-en aurka gauzatutako borroka

GARA |

Ekuadorreko presidente Rafael Correak herrialde horretako Amazonian bizi diren komunitateak AEBetako Chevron petrolio-enpresaren kontra abiatu duten borroka «historikoa» dela adierazi zuen atzo. Chevronek ingurumen kalte ugari eragin zituen eskualde horretan, eta orain hainbat auzi ditu epaitegietan. Hain zuzen, aste honetan bertan Ekuadorreko epaitegi batek Amazoniaren kontrako kalteak eragiteagatik 9.500 milioi dolarreko isuna ezarri dio multinazionalari.

Horrelako auzi batean inoiz ezarritako zigorrik handiena da epaitegi honek ebatzitakoa.

«Amazoniako lagunak zoriondu nahi ditugu, baina guk ez dugu epaiketa horrekin inolako zerikusirik izan», adierazi zuen Ekuadorreko agintariak, eta aipatu zuen alde pribatuen arteko lehia judiziala izan dela.

Horren harira, nabarmendu zuen «herrialde burujabe bateko epaile baten» erabakia izan dela eta, hortaz, alde biek epaia errespetatu behar dutela.

Berak zuzentzen duen administrazioak ez duela inolako presio politikorik egin gaineratu zuen, eta aurreko beste gobernuen kasuan horrelako presioak egon zitezkeela aditzera eman zuen, betiere Chevronen aldeko presioak. «Erabateko inpartzialtasuna erakutsi dugu -gaineratu zuen-, guztiz urrundu gara auzi honetatik, nahiz eta auzi historikoa izan den: amazoniar komunitateek aurre egin diote petrolioaren multinazional erraldoi bati, ingurumenari egindako kalteekin loturiko inoizko epaiketa handienean».

Helegiteak

Iragan ostegunean, bai Chevronek bai salaketa jarri zutenek helegiteak aurkeztu zituzten Nicolas Zambrano epailearen erabakiaren kontra.

Epaileak Texaco enpresak 1964tik 1990era Ekuadorreko Amazonian egindako kalteengatik zigortu zuen Chevron, azken honek Texaco erosi baitzuen duela zenbait urte.

Zigorra behar baino txikiagoa dela iritzita, salaketa jarri zutenen abokatu Pablo Fajardok azaldu zuen kalte-ordainen kopurua ezartzeko beste zenbait irizpide kontuan hartu beharko liratekeela uste dutelako aurkeztu dutela helegitea.

Bestalde, Chevron-en abokatuek epaileari eskatu diote azal dezala, beste hainbat gauzaren artean, epaia ematerakoan zergatik hartu duen baliozkotzat horretarako akreditaziorik ez duen laborategi baten analisia eta, aldiz, ea zergatik ez dituen kontuan hartu salatzaileen abokatuen jarrera «okerra» izan dela aurkeztu zituzten txostenak. Izan ere, multinazionalaren abokatuek esaten dute akusazioak frogak manipulatu zituela. Epaileak, ordea, ez du horrelakorik ikusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo