Ainara Lertxundi Kazetaria
Zer egiten dute gure umeek gelatik at?
Hamaikak dira, jolasteko ordua. Txirrinak jo bezain laster, liburuak apaletan utzi, berokia soinean jarri eta ziztu bizian ateratzen dira patiora. Taldeak aski osatuta daude dagoeneko, eta gehienek badute berea. Beren taldekideekin arituko dira jolasean ordu erdiz; futbolean, saski-baloian, soka saltoan, esku pilotan edo kromoak elkar trukatzen. Baina goizero bezala, Irati eta Adur bakarrik aterako dira jolastokira. Ez bata, ez bestea ez dira oso trebeak kirol jokoetan, eta horregatik, inork ez ditu bere taldean nahi. Sokan azkarrago sartzeko, hobeto emateko edo erritmorik ez duela esan ohi diote Iratiri. Adurri, berriz, lodikote deitzen diote eta korrika gutxi egitea leporatzen diote. Betiko iseka eta komentarioak dira.
Jolas orduan elkarrekin egon ohi dira, gainontzekoen begiradetatik urrundu nahian. Ausartagoak izan nahiko lukete, baina beren buruarenganako konfiantza galdu dute. Irakasleen begietara, besteekin erlazionatzeko zailtasunak dituzte, eta lotsa gainditzeko, taldeko ekintzaren bat egitea proposatzen diete. Baina, ezer gutxi dakite patioan gertatzen denaz.
Iker beti bakar-bakarrik sartu eta ateratzen da eskolatik. Patioan ere hala egon ohi da eta ia ez du hitz egiten.
Uxuek, aldiz, baditu lagunak, lauzpabost dira taldean. Ez da hiztun xamarra baina ongi moldatzen da beraiekin. Iker zergatik bakarrik egon ohi den galdetzean, ez dakiela erantzuten du. Egia esan, inork ez daki zergatik dagoen egoera horretan. Gurasoen bileran inork ez du gaia aipatzen.
Azken datuen arabera, Lehen Hezkuntzan sei ikasletatik batek tratu txarren bat pairatu du bere gelakideengandik, bai eskolan bertan, bai Interneten edo eskuko telefonoaren bidez.
Arazoari aurre egiteko beharrezkoa da gurasoen eta irakasleen erabateko inplikazioa. Gure umeek edukiak barneratzeko duten trebezia garrantzitsua da, baina are gehiago gelaren barruan eta kanpoan norekin eta nola dauden.
Ataria elkartasunaren, laguntasunaren eta errespetuaren ispilua da. Izan gaitezen horien zaindari bai gelan, bai kanpoan ere Irati, Adur eta Iker gehiagorik egon ez dadin.