Mikel Aramendi Kazetaria
Ikuskizuna, ikaskizuna, iradokizuna
Hegoaldeko Hesiaren zakur zaindariak izan dira Europarentzat Magrebeko despota guztiak; haiek desagertzean, hesiaren zulo estalezinetatik sukalderatu behar zaizkigu Afrikako oinazeei ihesi dabiltzanak
Bi mila eta hamaikako Intifada Handia ikuskizuna baino asko gehiago ez da mendebaldarrontzat oraingoz. Naturako fenomenoen zakutik adibidea hartuta norbaitek «tsunamia» deitu duenak urte askoz ezin sendoagoak ziruditen erregimenak nola astindu eta iraultzen dituen egun gutxitan begira gaude, pantailatxoetatik, xarmatuta. Tunisia, Egipto, Libia, Bahrain, Yemen... benetan espektakulu ikusgarria da olatua nola iristen ari zaien herrialde arabiarrei banan-banan, erregidore goren batek txanda noiz emango zain baleude bezala.
Eta gure voyeurismo horrek ere badu bere logika, bai: iraultzak, beste gauza askoren artean, ikuskizun erraldoiak izan ohi dira urrutikoentzat. Haietan zuzenean esku hartzen dutenen garraldiaren gainean eratutako espektakulu galantak, naturaren oldarraldiak bezala. Garai batean egunkarien salmenta goratzen omen zuten matxinadek; orain, telebistako albistegien share-a eta Interneteko trafikoa igoarazten dute. Eta oraingo reality honek zertan amaitu behar ote duen aurreikustea benetan zaila egiten zaigunez (hasiera igartzeko gauza izan ez zirenak ezingo ditugu oso aintzakotzat hartu amaieraren asmatzaile legez), hortxe gaude, so. Ikusmin hutsez.
Bakoitzak ikusiko du oraingo honetan ere gogoeta nola burutu. Baina iraultza-espektakuluen kasuan hausnarketa soziala, giza taldekakoa, gandutsuagoa bederen, egin behar izaten da. Hark guregan izan (behar) duen eraginaren balioespen kolektiboa, nolabait esateko. Iraultzak ez direlako ikuskizun hutsak; ezta ere espektakuluak nagusiki. Gizateriaren lurrikarak dira.
Intifada Handiaren balioespen kolektibo hori egiteko erlojua martxan dago jada gurean ere, pantailari itsatsita ditugun begiekin ikusi ez dugu arren. Azterketak azkar egitea baino komenigarriagoa da zuzen aritzea, noski, baina beranduagorako uzteak ez du azertua ziurtatzen. Horrelako zerbait pentsatu bide du Krugman Nobel saridunak Wisconsingo mobilizazio handiak Tahrir plazakoen harian interpretatzeari ekin dionean «NYT»-en («Wisconsin Power Play»). Eta nahiko zentzuzkoa dirudi hark dioenak: «Beraz, ez dira aurrekontuez ari teman, baizik botereaz. [...] Garrantzizkoa da dirutza handiari kontrapisua egingo dioten erakundeak edukitzea. Eta horrelako erakunderik garrantzitsuenetakoak dira sindikatuak». Boterea, iraultza politiko guztien beti-betiko koska.
Geuretzako ikaskizunak ateratzeko eduki dezakegun beta hori, haatik, ez da existitzen Iraultza honen ondorio geopolitiko zuzen-zuzen batzuei dagokienean. Immigrazioaren korapilo potoloa agerian dago, dagoeneko: petrolio hornitzaile leial eta merkeak ez ezik, Hegoaldeko Hesiaren zakur zaindariak izan dira Europarentzat Magrebeko despota guztiak; haiek desagertzean, hesiaren zulo estalezinetatik sukalderatu behar zaizkigu Afrikako oinazeei ihesi dabiltzan guztiak... geure otordua banatzeko gogo gutxien dugunean.
Eta, gainera, arazo konponezinak jaso eta gordetzen saiatzen direnak daude. Adibidez, Ceuta eta Melillaren jabe omen den Espainiako Erresuma. On degiola. Begira jarraituko dut.