«Egunkaria auziko» atal ekonomikoa dela-eta, justizia aldarrikatu dute auzipetuek
Duela zortzi urte itxi zuten «Egunkaria» eta, urtemuga hori baliatuz, atal politikoaren epaiketan absoluzio orokorra eman zieten arren, atal ekonomikoaren epaiketa falta dela eta «erasotzaileek zigorrik gabe jarraitzen dutela gogorarazi zuten auzipetuek.Nagore BELASTEGI |
«Egunkaria auziko» auzipetuek justizia eskatu zuten atzo, kazeta itxi zutenetik zortzi urte igaro direnean. Atal politikoan absoluzioa eman zieten arren, sumarioa oraindik ez dela amaitu nabarmendu zuten langileek, alor ekonomikoari buruzko epaiketa gauzatzea falta baita.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxemari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu dira auzipetuak. Torrealdaik guztien izenean adierazi zuen apirilean auziaren atal politikoa amaitu zela urtea beteko den arren, eduki ekonomikoko sumarioak aurrera jarraitzen duela eta zigor eskari handienak horkoak direla.
«Absoluzioa iritsi zen `Egunkaria'-rentzat, baina ez justizia. Pozgarria izan zen absoluzioa, beharrezkoa, beste urrats batzuk eman ahal izateko, erasotzaileen kalte intentzioei bidea mozteko», azpimarratu zuen auzipetuak.
Auziaren zati honek aurrera egiteko datarik ez dauka, baina Torrealdaik esan zuenez, udaberrian abian izango delakoan daude. Zortzi auzipetuoi kontuak faltsutzea eta Ogasunari iruzur egitea egotzi diete. Haientzat 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eta 33 milioi euroko isunak eskatzen dituzte.
Atal politikoa Auzitegi Nazional espainolean epaitu zuten. Oraingoan, Donostiako Auzitegiaren esku dago auzia, eta horregatik pozik badaude ere, entzutegi berri batean dagoenez, hasieratik hasi behar izango dutela esan zuten.
Hala eta guztiz ere, baikor agertu ziren auzipetuak, atal ekonomikoa errazagoa egingo zaiela iritzita, politikoan absoluzio orokorra lortzea garaipen handia izan zelako. Orduan jasotako pozak ez dituela itsutzen adierazi zuen Torrealdaik , «mehatxu gordinean» daudela sentitzen dutelako.
Fiskalaz eta defentsaz gain, Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu dela aipatu zuen bozeramaileak. Auzi politikoan Asociación de Victimas del Terrorismo ere aurkeztu zen, baina oraingo honetan ez.
«Irainengatik» barkamenik ez
«Euskaldunon Egunkaria»-ko langileek egungo egoeraren balorazioa egin zuten. Alde batetik, auziaren atal erdiak irekita jarraitzen duela aipatu zuten; bestetik, erasotzaileei ez zaiela zigorrik ezarri eta prozesua politikoki mantentzen jarraitzen dutela; eta azkenik, «absoluzio guztien gainetik, inolako babes judizialik gabe, biktima» direla.
Egunkaria duela zortzi urte itxi eta likidatu zuten, eta horren aurrean kontuak eskatzeko epaitegietara jo ala ez aztertzen ari dira auzipetuak. Alde horretatik, urte luzeak igaro ostean, orduan hain ezaguna egin zen «Egunkaria libre! aldarriak egunerokotasun mingots berbera» duela esan zuen hizlariak.
Gainera, salatu zuten «Egunkaria»-ko langileei jaurti zizkieten «irainengatik» ez dutela barkamenik eskatu, eta are gehiago, absoluzioaren ondoren, aurten, oraindik honelako baieztapenak entzun behar izan dituztela: «...otro de los periódicos promovidos por ETA fue Euskaldunon Egunkaria ... Egunkaria fue concebido como un proyecto no sólo informativo y de propaganda, sino también de captación de recursos, blanqueo de dinero y financiación al entramado terrorista ...».
Auziak noiz jarraituko duen ez dakiten arren, oraindik «euskal jendarteak `Egunkaria auziaren' aurrean adierazitako laguntza, kemena, eskuzabaltasun eredugarria» behar dutela onartu zuten auzipetuek. Hala ere, auziaren egutegirik ez dutenez, ez dute pentsatu babesa eskatzeko deialdiak noiz zabalduko dituzten.
Bestalde, Torrealdaik adierazi zuen «Udalbiltza auzian» emandako epaiarekin oso pozik daudela eta absoluzio orokorra «Egunkaria auzian» bezala errepikatu denez, «salbuespena baino zerbait gehiagoren aurrean» daudela.
«Beti hain modu beroan» babestu dituen euskal gizarteari absoluzioa duela urtebete lortu zutela gogorarazi zioten. Emandako babesa eskertu eta epaiketa hasten denerako laguntza eskatu zuten.
Atal politikoko bost auzipetuak joan den urteko apirilean absolbitu zituzten. Oraingoan, 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorra eta 33 milioi euroko isuna eskatzen dute zortzi auzipetuentzat.