Gutxienez 65 hildako utzi ditu Zeelanda Berriko lurrikarak
Epizentroa lurrazaletik gertu izan zuen lurrikarak kalte handiak eragin zituen atzo Zeelanda Berriko Hego Uharteko Christchurch hirian. Datu ofizialen arabera, gutxienez 65 hildako daude; izan ere, gehiago ere izan litezke, hondakinen artean jendea harrapatuta dagoelako. Maiz izaten dira lurrikarak Zeelanda Berrian, bi plaka tektonikoren artean egonik, baina atzokoa azken 80 urteotako larriena izan zen.
Sharon DAVIS (AFP)
Gutxienez 65 lagun hil dira eta dozenaka pertsona hondakinetan harrapatuta daude Christchurch, Zeelanda Berriko bigarren hiri nagusia, atzo eguerdian astindu zuen lurrikararen ondorioz. Azken 80 urteotan herrialdea jo duen okerrena izan da.
«Une hauetan, eskura ditugun datuen arabera, 65 hildako daude, baina gehiago izan litezke. Hiri honentzako, Zeelanda Berrirako eta gure gertukoenentzako izugarrizko tragedia da», esan zuen lehen ministro John Keyk.
6,3 graduko lurrikara atzo 12.51ean jazo zen [00.51ean Euskal Herrian], epizentroa hiritik bost kilometrora kokatu zen, eta lau kilometroko sakoneran baino ez, AEBetako Geofisika Institutuak jakinarazitakoaren (USGS) arabera. Ondoren, erreplika ugari izan ziren, batzuk 5,6 gradura heldu zirelarik.
340.000 biztanle ditu Christchurchek, eta 2010eko irailean zazpi graduko beste lurrikara bat izan zen bertan, baina ez zen hildakorik egon, nahiz eta kalte handiak eragin zituen.
Honakoan, hiriko katedraleko klaustroa hondoratu egin da, eta eskualdeko telebistaren sei solairuko eraikina txikituta geratu da.
Lekukoen arabera, lau solairuko bulego-eraikin bateko hondakin artean harrapatuta gelditu ziren 30 lagun.
Hiriko erdigunea anabasa bihurtu zen, eta bertako biztanleak, asko zaurituta eta odoletan, batetik bestera zebiltzan aterpe bila.
«Ezin zuen okerragoa izan», esan zuen Christchurcheko alkate Bob Parkerrek. «Prest egon behar dugu hildakoen kopurua handia izango dela onartzeko. Ez dira milaka izango, baina bai dozenaka», erantsi zuen.
«Hiriko erdialdeko hainbat tokitan hildakoak izan dira. Horien artean daude bi autobusetako bidaiariak, eraikinetako hondakinak gainean erori zitzaizkien», esan zuen Poliziak.
Bertako TV3 telebistak zabaldutakoaren arabera, hotel batetik eta liburu-denda batetik gorpuak atera behar izan zituzten.
Hiriko alkateak larrialdi egoera ezarri du datozen bost egunetarako. Besteak beste, erdialdeko kaleak zirkulazioari itxita daude, segurtasuna bermatzeko eta erreskate taldeen lana errazteko.
Lurrikarak lurrera bota zuela kontatu zuen alkateak. «Altxatzean, hirira begiratu, eta hautsa nonahi ikusi dut, eraikinen hondakinen artean. Kalean, jendea oihuka zebilen». Gaineratu zuenez, «gure hiriarentzako egun beltza dela edonork uler dezake».
Horrez gain, «autobusak hondakinek azpian harrapatuta, aparkalekuak hondoratuta, eta jendea erdialdeko eraikinen hondakinen artean harrapatuta» dagoela esan zuen.
Ezbeharra gertatzean kalean joan-etorri handia zegoen, Key lehen ministroak nabarmendu zuenez, jendea lanera zihoalako, eta haurrak eskolara.
Hiriko aireportua itxi zuten, eta jendea erdialdetik irtenarazi zuen Poliziak, 2010eko iraileko lurrikara dela-eta, bertako eraikinek kalte handiak dituztelako. 2010ko lurrikara azken 80 urteotan Zeelanda Berrian jendea bizi den eremu batean izandako gogorrena izan zen. Atzokoa ahulago izan arren, kalte larriak eragin zituen, epizentroa lurrazaletik gertuago zegoelako.
Munduari bira ematen ari den Barcelona World Race belaontzien estropadako parte-hartzaileek -artean Iker Martinez eta Xabier Fernandez euskal herritarrak- ez zuten lurrikararen ondoriorik jasan.