GARA > Idatzia > Ekonomia

EHLGri egindako diru-ekarpenak zerga-aitorpenean kengarri direla berretsi dute

Zigor auzitegietako gorabeherak iaz amaitu baziren ere, EHLGk baditu oraindik hainbat afera administrazio epaitegietan. Horietako bat irabazi berri du. Aurrerantzean, diru-ekarpenak egiten dizkieten lagunek bere zerga-aitorpenean ekarpenaren %66 kentzea ahal izango dute.

p027_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Estatu Kontseiluak, auzitegi administratibo gorenak, berrikitan emandako deliberoaren arabera, Euskal Herriko Laborantza Ganberari (EHLG) egindako diru-ekarpenak zerga-kenkaritzat hartzeko zilegitasun osoa dute.

Hori jakinarazi zuten atzo Baionan EHLGko presidente Mixel Berhokoirigoinek, Jean-Rene Etchegaray abokatuak eta EHLGren Lagunen elkarteko lehendakari Patxi Nobliak.

2006ko irailean hasi zen auzia, Ogasunak jakinarazi zuenean EHLGri egindako emarien kopuruaren %66 (hori da legez zerga-aitorpenean kendu daitekeena herri-onurako elkarte bat diruz laguntzen delarik) ezin zela kenkari gisa hartu zerga-aitorpenean.

Geroztik, hainbat ebazpen izan dira, guztiak EHLGren aldekoak, baina horietako bakoitzean helegitea aurkeztu izan dute Estatuko ordezkariek. Azkenekoa Ogasun ministroak 2009ko ekainean sustatutakoa izan da, Bordeleko Dei Auzitegiaren erabakia deuseztatzeko eskatuz.

Alta, otsailaren 14n, EHLGren argudioak aintzat hartuta, Estatu Kontseiluak bestela erabaki zuen, hots, Zerga Administrazioak bere esparruko ahalmenak gainditu dituela eta agintekeriaz jokatu duela, eta, hortaz, legeak dioen moduan, herri-onurako elkarteei egindako diru-ekarpenak izaki, zergetan kenkari gisa aitortuak dira. Horrez gain, ebazpenaren arabera, EHLGri 3.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio Ogasun Ministerioak.

Jarduera oztopatzea

EHLGko ordezkariak pozik agertu dira deliberoarekin eta, behingoz, auzibideetako gatazka guztiak amaituko diren itxaropena agertu dute; «gure jarduera oztopatzeko nahikeriaren isla baitira».

Badira, ordea, oraindik amaitu gabeko beste afera batzuk. Horien artean, hainbat herriko-etxek EHLGri emandako diru-laguntzena. Senperekoa da horietako bat. Laguntza horiek herri-onurakoak ez zirelakoan, prefetak udal-erabakia deuseztatu egin zuen eta Administrazio Auzitegiak, lehen auzialdian, arrazoia eman zion. Orain helegitearen emaitzaren zain daude.

Proiektu tekniko batzuekin lotutako diru-laguntzen erreklamazioak ere auzitan daude.

200.000 euro

EHLGk 200.000 euro jasotzen ditu urtero EHLGren Lagunen elkarteko 1.350 kidek egindako diru-ekarpenei esker. Laguntza horiekin Laborantza Ganberak aurrekontuaren %40ri egiten dio aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo