Euskaldunak indartsu Andaluziako Itzulian
Markel Irizarrek lider jarraitzen du
Oñatiarrak ez zuen arazorik izan hirugarren etapa onenekin batera amaitzeko eta gaurko jardunaldian ere aukera oso ona dauka maillot gorriari eusteko.
Asier AIESTARAN
Markel Irizarrek sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du Andaluziako Itzulian. RadioShack taldeko oñatiarrak ez zuen arazorik izan Otura eta Jaen arteko hirugarren etapa onenekin batera tropelean amaitzeko eta beste bi jardunaldi geratzen zaizkio itzulia bereganatu ahal izateko. Gaur jokatuko den laugarren etapak, La Guardia eta Kordoba artean, 174 kilometroko ibilbidea du eta ez dago mendate aipagarririk.
Atzoko etapa Movistar taldeko Fran Ventoso espainiarrak irabazi zuen esprintean, urteko bigarren garaipena beretzat eta laugarrena taldearentzat. Euskaldunak behin eta berriro saiatu ziren lasterketa apurtzen. Orbeako Xabier Zabalo eta Victor Cabedo, Euskalteleko Pablo Urtasun, Caja Ruraleko Aitor Galdos eta Movistarreko Txente Garcia izan ziren ihesaldietan sartuta ibili ziren euskal txirrindulariak, baina tropelak ipinitako erritmoak bertan behera utzi zituen saiakera guztiak.
Peter Sagan gazteak argi utzi zuen Sardiniako Itzuliaren aurreneko etapan iaz lortutako bost garaipenak ez zirela kasualitate hutsa izan. 21 urteko eslovakiarrak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen azken aldapan, eta tarte polita atera zien Alessandro Ballan munduko txapeldun ohiari eta Daniel Oss taldekideari. «Oraindik ez daukat batere argi zer txirrindulari mota naizen eta noraino hel naitekeen. Dakidan bakarra da gaztea naizela, eta oraindik esperientzia falta zaidala. Horregatik ez dut nahi Philippe Gilbertekin konparatzea. Hura txapeldun handia da», adierazi zuen Peter Saganek.