Gizartearen mobilizazioa, eskubideen berme
Debeku baten ondorioz zenbait herritarrek egindako deialdiak jaso zuen erantzun ikusgarriak Euskal Herrian eskubide zibilen aldeko mugimendu baten behar eta zentzua ezin argiago erakutsi zituen. Ez zegoen zalantzarik eskubideen urraketa etengabeak badaudela, eta urriaren 2an, gizartearen parte-hartze jendetsua beharrezkoa ez ezik, gauzagarria ere badela ikusita, joan den abenduan, Durangon, mugimenduaren oinarriak finkatu zituzten. Harrezkero, eta denbora laburrean, aspaldi ez bezalako mobilizazioak izan dira Euskal Herrian. Debeku bat izan zen mugimendu horren berehalako eragilea, baina debekuak, legez kanporatzeak, torturak... ohiko urraketak dira oraindik, irtenbide demokratiko baten aldeko ahalegin eskergaren ondorioz sortutako agertoki berri baten atarian. Horiek horrela, gizarteak bere burua antolatu eta eskubide guztiak aldarrikatzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Izan ere, Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduaren bozeramaileek atzo azpimarratu zutenez, historian zehar estatuek gizartea mobilizatu denean baino ez dituzte eskubideak aitortu izan. Eta mobilizatu denean, eskubideen aitorpena lortu izan du, gaineratu behar da. Eskubideak ez dira inoren dohain; ez dituzte gobernuek, enpresaburuek, poliziek edo epaileek ematen. Baina bai, maiz, horiek berek urratzen; hortaz, herritarrek izan behar dute haien benetako jagole.