GARA > Idatzia > Kultura

Shangain aurkeztutako Bilbo etxekoei erakutsiko die Alondegiak

Iaz Shangain antolatu zuten Erakusketa Unibertsalean Bilbo ordezkatu zuen proposamen artistikoaz gozatzeko aukera eskainiko dio bertakoei Alondegiak. Esther Pizarroren argi-eskulturaz eta Jesus Mari Lazkanoren horma-irudi batez gain, hirien eta espazioen gaineko hausnarketa proposatzen du «Trans/formazioak» erakusketa osagarriak. Bertan, Walter Benjamin filosofoaren lanen errepasoa edo Yin Xiuzhen txinatarraren instalazio bat daude ikusgai.

p040_f01_150x108.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Hiriek eta horien barnean espazioak eta denborak jasaten dituzten aldaketei buruzko hausnarketa egingo du datorren maiatzaren 1era bitartean Bilboko Alondegiak. Horretarako, elkarren osagarri diren bi erakusketa aurkeztu zituzten atzo: batetik, 2010eko Shangaiko Erakusketa Unibertsalean egondako «Bilbao Guggenheim++»; bestetik, hiru instalaziok osatzen duten «Trans/formazioak. Hiria: espazioak eta denborak».

Mundu osoko 113 hautagairen artean aukeratua izan zen Bilbo, Txinan egindako mundu erakustaldirako. Bizkaiko hiriburuak azken 25 urteotan izandako eraldaketa erakustea izan zuen helburu eta erakusketan aurkeztu zuen elementu deigarrienetakoa Esther Pizarroren argi eta irudien eskultura izan zen. Hiriaren morfologia eta topografia erakusten duen instalazio bat da, ia 13 metro luze eta 7,5 metro zabal da. Hiriko paisaia urbanoa hiru dimentsioko pieza gardenez erakusten du eta parean proiektatzen diren ikus-entzunezko irudi eta musiken arabera, kolore ezberdinetako argiztapenak paratzen ditu instalazioak. Honela, Led teknologiaren bitartez, «hirian izandako hiru iraultza islatzen dira: industria iraultza, hiri iraultza eta ezagutzaren iraultza».

Txinan izandako erakusketan, Jesus Mari Lazkanoren «Bilbo MMX» mihise gaineko margolana ere ikus daiteke. Tamaina handiko koadroa da, hiriaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen duena.

Badira beste hainbat bitxikeria ere, esaterako, Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroak utzitako hainbat panpina, eta horien artean, nagusi, bi txotxongilo bikote: txinatar ezkontza tradizionala irudikatzen duena bata, eta Euskal Herrikoa, bestea, «milaka urteko bi kultura horiek nolabait elkartuz». Xi´an hiriak Bilbori oparitutako terrakotazko bi gerlariren eskulturak ere ikus daitezke, baita Fito & Fitipaldis-ek eskainitako kontzertuaren kartela ere.

«Trans/formazioak»

Esan bezala, hiru instalaziok osatzen dute «Trans/formazioak». Erakusketan sartu eta berehala, Walter Benjamin alemaniar filosofoari eskainitako txokoarekin egingo dugu topo. «Atlas Walter Benjamin Konstelazioak» izeneko espazioak, «hirien eta hirigintzaren garapenaren esparruan aitzindaria eta ameslaria den filosofo handi honen ibilbidea» erakutsiko du, bere lanaren errepaso bat eginez.

Horretarako, filmen eszenak, argazkiak, pinturak, soinu grabazioak, animazioak edo dokumentu historikoak kontsultatu ahal izango dira eserleku indibidualetan. Bestalde, tresna informatiko bat ere erabiltzeko aukera izango da, 900 testu eta argazki eta 1.200 hiperestekatik gora kontsultatzea ahalbidetzen duena. Benjaminen zatia osatzeko, 1929 eta 1933 bitartean Alemaniako hego-mendebaldeko irratirako Frankfurten idatzitako gidoien gaztelaniazko itzulpenen lokuzioa dago entzungai.

Bigarren zatia Yin Xiuzhenen «Commune» instalazioak osatzen du. Artista txinatar honek, ehun-tailer klandestino bat irudikatzen du, elkarri jositako arropaz osatutako oihal erraldoi baten atzean ezkutatuta, eta begiratzeko, mauken zulotxoak baino ez dituela uzten.

«Imajinatu Bilbao» deitu diote hirugarren zatiari eta bisitarien parte-hartzea bultzatu nahi duen espazioa da. Izan ere, hurbiltzen diren guztiek «euren alegiazko hiria eraikitzeko aukera izango dute», pegatina, esaldiak edo diagramak erabiliz.

KONGRESUA

Erakusketen harira, arkitektura, hirigintza, antropologia eta filosofia ardatz izango dituen kongresua egingo dute Alondegian martxoaren 7tik 11ra. Mintegiak, zinema emanaldiak eta tailerrak ere egingo dituzte maiatza bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo