Clermont-Ferrand jaialdiko film labur esperimentalak proiektatuko dituzte Donostian
Film laburren nazioarteko jaialdia izaten da urtero Estatu frantseseko Clermont-Ferrand hirian eta bertako sail esperimentaleko 40 lan hautatu ditu Tabakalerak Donostiako Antzoki Zaharrean proiektatzeko.
GARA | DONOSTIA
Azken lau urteotan gertatu bezala, aste honetan Clermont-Ferrand jaialdiko film labur esperimental berrienen erakusleiho bilakatuko da Donostia. Atzo hasi eta datorren larunbata arte Antzoki Zaharrean Clermont-Ferrandeko sail esperimentalean hautatu eta emandako 40 film labur proiektatuko dituzte. «Astintzen gaituzten lanak dira»; hala esan du Tabakalerako kudeatzaile Miriam Anituak, eta jendea «harribitxi txiki hauek ikustera» animatu nahi izan du, «ez baitira zinema aretoetan ikusten».
Bost multzotan sailkatu dituzte pelikulak eta arratsaldeko zortzietan izango dira emanaldi guztiak. Aurreko urteetan lanak Tabakaleran proiektatu dituzten arren, aurten Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitza, fabrika zaharraren eraberritze lanak hasita baitaude dagoeneko. Sarrera doakoa izango da eta saio bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du.
Labo sailaren helburua azken urtean ekoiztu diren lan berritzaile eta esperimental garrantzitsuenen bilduma aurkeztea da. Hala, hautatutako lanak estandarretatik harago daude; bide berriak arakatzen dituzte, adierazpideari, narrazioari edo esperimentazio tekniko nahiz estetikoari dagokienez.
Clermont-Ferrand jaialdiak 33. edizioa izan du aurten eta hilaren 4tik 12ra ospatu zen. Bertan, Guy Maddin zinemagilearen «Night Mayor» lanak jaso zuen sari nagusia. Film hori biharko saioan eskainiko da Antzoki Zaharrean, 20.00etan.
Filmen emanaldien osagarri, beste hainbat ekitaldi izango dira. Larunbatean, esaterako, «Labo: 10 esperimentatzen» eztabaida saioa egingo dute emanaldiaren aurretik, Koldo Almandoz, Gerard Cairaschi edo Iñigo Salaberria zinemagileen parte hartzearekin. Bestetik, Udal Liburutegi Zaharreko ekitaldi-aretoan igandera arte «Anatomie du Labo 4» erakusketa ikusteko aukera dago. Bertara hurbildutakoek urteotan Labo-n parte hartu duten filmetan oinarritutako marrazki hautaketa bat ikusi ahal izango dute.