GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gurutz Garmendia «Azkoitxi» Euskaltzalea

Bilboko «hiraunsugea»

Ekitaldia amaitu bezala eta hiraunsugearen zazpi buruak pizten joan ziren heinean, indar oso berezia sumatu zen Bilboko kaleetan, arbasoek, «herriak behar zaitu» oihukatuko balute bezalaxe

Urtea ondo hasteko, euskaldunen Batzar handia egin zen Bilboko kaleetan. Eta bertan Baskonia zaharreko hainbat irudi zahar ikusteko aukera ederra izan zen. Presoekin bat eginik, Okzitaniako bandera zaharra ikusi ahal izan genuen, bere ilargi erdi eta guzti. Eta han izan zen, baita ere, Auñamendietako arrano beltza. Hankak zabal eran aurkezturik, handitasuna oldarkeria gabe adierazten duen arrano bakarretakoa berau. Hantxe, baita ere, Nafarroako izarra, euskaldun eta baskoien izarra, zortzi ertzez osatutako izar gorria eta noski katerik gabekoa. Eta irudi eta banderak gehiago izan baziren ere, ezin aipatu gabe laga, sasoi batean haiek ere euskaldunak izan ziren, Arabako gazteluen lurraldeko bost ertzetako izar gorria. Komunero gogorren ondorengoak.

Eta tristea da geure herriaren historia ez ezagutzea, baina esan beharra dago orain dela urte asko asko Erromatar Inperioa erortzearekin bat, Baskoniako lurralde burujabea eratu zela euskaldunen lurrak babesteko. Eta antzinako ohiturei jarraituz, sasoiko euskaldun haiek batzarretan antolatzen ziren euren arbasoek beti egin izan zuten bezala. Auñamendietako bi isurialdeetan eta Kantauriko kostaldean zabaldu zen Baskonia zaharra eta sasoiko gudaroste zakar eta handienei aurre egiteko gai izan zen. Egiak egia, godo, franko eta mahomatarrak etorri eta joan egin ziren bezalaxe, gure arbasoek hementxe jarraitu zuten eta gu haien ondorengoak gara.

Esan daiteke sinesmen zaharrak baztertu zituzten Aralarreko San Mikel goiaingerua eta Bizkaiko jauntxo On Diego Haroko Otsoa eta ohitura zaharrei traizio egin zietenek ezin izan dutela denbora gehiagoz kate artean loturik mantendu hiraunsuge gorri borrokalaria, eta Aralar eta Anbotoko leize zuloetatik ortzian gora eginaz Bilborat egin zuela hiraunsuge handiak. Eta hitzez hitz, indar handiaren sugea deitzen dena. Mariren senarra da. Amalurraren Amari bera. Anti, aitzin edo antzinako ama bera. Zazpi damatxo dira euskal «birjinak» dioen esaera berekoak. Eta gure hiraunsugeak sua eta garrak ahotik botatzeaz gain, ekaitz beldurgarriak eragin eta tximista zitalak botatzen dizkio Euskal Herria maite dutenen, etsaiei.

Agian Beltzuntzeko jaunak itsasgorrietara bidali zuen zazpi buruko hiraunsuge bera izango da, Lapurdiko kostaldetik itsasorat barna egin eta Bilboko kale nagusiak hartu zituena. Eta Bilbokoak ere zazpi buru zituen. Gorputza eta buztana oraindikan ere hasieran zeudenean, udaletxe eta Arriaga artean zabalduak zituen Bilboko hiraunsugeak bere zazpi buruak. Eta egiak egia, ekitaldia amaitu bezala eta hiraunsugearen zazpi buruak pizten joan ziren heinean, indar oso berezia sumatu zen Bilboko kaleetan, arbasoek, «herriak behar zaitu» oihukatuko balute bezalaxe.

Eurasiar kontinenteko, mendebal lur muturreko azken jatorrizko herrialdea gara eta badugu zer esanik abian dagoen aro berrian. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Lurra bedeinkatua da jatorrizko herrialdeentzat eta halaxe da Euskal Herria geuretzat. Ez dugu onartuko zentral nuklearrik, ezta abiadura handiko mamorro zikinik ere. Ezta Jaizkibeleko kostaldea popatik hartzera bidaltzea ere, eta Praileaitz puskatzea ere ez. Ama dugu lurra eta maitatu egin behar dugu. Bilboko hiraunsugea Euskal Herriko lur bazterrak zeharkatzen dabil jadanik, suak eta garrak jaurtikitzen etsaiei, eta hauxe da bere aldarrikapena: Etxien nahi zaittuztegu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo