Sabeco-ren lekuan beste enpresa bat sartu nahi dutela diote langileek, baina eurak kalean utziz
Amaia ZURUTUZA | ERRENTERIA
Kezkatuta eta haserre, halaxe daude Errenteriako Sabeco-ko langileak. Pasa den irailean Sabeco markak herriko Niessen merkataritza gunean dagoen supermerkatuaren kudeaketa utzi zuenetik enpleguaren erregulazio txosten baten bidez etenda dituzte euren lanaldiak supermerkatuko 45 langileek. Jabetza publikokoa da merkataritza gunea, baina Murias Center 4 sozietateak kudeatzen du. Udalarekin sozietateak duen hitzarmenak, ordea, merkataritza gunean derrigorrez supermerkatu bat egon behar dela zehazten du. Beraz, langileen helburua da Murias Center-ek supermerkatua kudeatuko duen beste marka bat aurkitu eta subrogazio eskubidea erabiliz eurak bertan lanean sartzea.
Gauzak horrela, Murias Center-en jarrera salatu zuten atzo Sabecoko langileek Errenterian egin zuten prentsa agerraldian. Izan ere, sozietateak bai Sabecori, bai Udalari esan die supermerkatuan sartzeko enpresarik ez duela aurkitu, ez dagoela inor interesatuta. Niessen merkataritza gunean dauden saltoki txikietako saltzaileei, berriz, martxoa aldean marka berri bat bertan izango dela baieztatu die. Hala, Murias Center gezurretan ari dela salatu zuten langileek, eta hainbat enpresak supermerkatua kudeatzeko interesa dutela badakitela esan zuten. Baina etorkizunean supermerkatua kudeatuko duen enpresarekin akordio ekonomiko on bat lortzeko, Murias Center-i komeni zaio enpresa berriak Sabecoko langileak subrogatu beharrik ez izatea, langileek esan zutenez, eta hor dago koska.
20 egun eskasetan amaituko zaie langileei enpleguaren erregulazio espedientearen epea. Orduan, Lan Ordezkaritzak lanpostuen etenaldia mantenduko ote dien ez dakite, eta Sabecok kaleratuko balitu subrogazioa zailagoa gerta litekeela esan zuten.
Horiek horrela, eta supermerkatuaren lokala itxita eta utzita dagoelako, Errenteriako Udalari eskatu zioten Murias Center presiona dezala, hitzarmenak dioen moduan supermerkatua martxan jar dezan. Izan ere, «Murias-ek ondasun publiko baten jabea dela uste du», kritikatu zuten.