Laura MINTEGI Idazlea
Iraultza eta gosea
Tunisiatik Egiptora eta Egiptotik Libiara, Yemen, Iran eta Bahrain-etik pasatuta jauzika gabiltzan garai honetan, deseroso suertatzen da erreparatzea inoiz albistea ez den albistean: 925 milioi pertsona gose direla alegia.
Txinan ere badago arrazoi nahikorik iraultzari ekiteko, baina txinatar askok dezente hobetu du bizi-maila, eta nekez joko du kaleetara irabazitako apurra galtzeko arriskua badago.
Herrialde arabiarren iraultza ez baitu eragin soilik demokrazia nahiak (horrek ere bai), baizik eta bizimodu baldarrak eta pobreziaren hedapenak, besteak beste.
2010ean oinarrizko jakiak %30 garestitu dira arrazoi demografikoen, klimatologikoen eta ekonomikoen kariaz: 50 urtean 3.000 milioitik 6.000 milioira pasatu gara, Ukrainako eta Errusiako suteek garestitu dituzte garia eta artoa, eta azkenik, ondasunak gutxi batzuen eskuetan metatu dira.
Igoera poltsikoan nozitzen dugu Mendebaldean, baina Egipton, esaterako, familia batek soldataren erdia gastatu behar du jan ahal izateko. Eta beste herrialde batzuetan soldataren bi herenak dira jana erosteko. Egoera jasanezina da Aljerian, Marokon... eta Indian, non inflazioa %20koa den. Eta Mundu Bankuaren arabera, berdin segituko dugu beste lau edo bost urtean. Kontuan hartuta urtero 44 milioi goseti gehiago sorrarazten ditugula, bi urteko epean mila milioitik gora pertsona gose izango dira munduan. Seitik bat.
Gosea sozializatu ordez ondasunak sozializatuko balira, baietz apaldu iraultzak eta askatasun gosea.
Mila milioi goseti munduan, eta gutariko batzuk gainpisuaz arduratuta, «bikini operazioari» nola eutsi pentsatzen hasiak. Lizuna da.