«Euskal Herrian gauden artean borroka politikoari eutsiko diogu»
Urriaren 22an Grande-Marlaskaren operaziotik ihes egitea lortu zuen Irati Tobarrek, Portugaleteko 24 urteko gazteak. Orain Izpuran da beste zazpi lagunekin itxialdian.
Nola bizi izan zenuten urriko operazioa?
Aurreikusten genuen sarekada bat izango zela. Bi aste lehenago Esperanza frontoian agerraldi publikoa egin genuen, asko 2009ko azaroko sarekadatik ateratako zerrenda beltzean geundela esateko. Azkenean 22 lagun atxilotu zituzten eta 8 libratu ginen. Loteria da, zerrenda beltza luzea da eta aldiko izen batzuk ateratzen dira. Haiek nola atxilotu zituzten entzun genuen, haien testigantzak, nola jipoitu zituzten...
Zer sentitu zenuen zure izena «zerrenda beltzean» agertzen zela jakiteak?
Amorrua eta inpotentzia. Gainera, tortura bidez lapurtu dizkiete izenak atxilotuei. Urduri bizi zara, ezinegonez eta atxilotua izateko arriskuarekin. Izu handiena jasan ditzakegun torturek sortzen dute; prest izan behar duzu.
Astebete egingo duzue Izpuran itxialdian. Zerk bultzatu zaituzte ekimen horretara?
Ipar Euskal Herrian euroaginduaren aurka antolatu diren eragileen babesean egin dugu, Aurore Martinen kasua dela-eta, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikorekin sarea osatu baitu ezker abertzaleak. Pentsaeragatik atxilotu nahi gaituzte, baina, Ipar Euskal Herrian jarrai dezakegu gure militantziarekin. Euroaginduak ahalbidetzen duena da euskal herritarrak kartzelatuak izatea, berdin du Hegoaldekoa edo Iparraldekoa izan.
Agerraldi jendetsua egin zenuten itxialdia iragartzeko, eragile eta kolektibo ugaritako ordezkariekin batera...
Babes handia jasotzen ari gara. Jakitun dira lan politikoa egiten ari garela eta atxilotuak izan gaitezkeela, eta horregatik ematen digute babesa. Eragile edo kolektibo horiek egiten duten bezala, zilegi da guk ere politika egitea. Sindikatu frantses bati elkarrizketa ematean gure militantziaz galdetu zigun. Guk lan publikoa egiten dugula azaldu genuen, baina, segurtasun neurri batzuekin. Harrituta geratu ziren hori entzutean. Torturari dagokionez, berriz, jendeak badaki existitzen dela, baina ez du horretaz hitz egiten entzun nahi. Hemen ez dute guk dioguna zalantzan jartzen edo ez gaituzte epaitzen, nahiz eta ideologia ezberdineko jendea izan.
Aste hau amaitutakoan lanean jarraituko al duzue?
Hemendik aurrera bizitza publikoa egingo dugu. Ipar Euskal Herriko hainbat zinegotzirekin kontaktuan gaude; haien babesa eskaini nahi digute. Hortaz, lan publikoa egiten hasiko gara berriro. Ahal dugun heinean gure lanarekin jarraituko dugu. Euskal Herrian gauden bitartean gure borroka politikoa aurrera eramatea da gure asmoa.