GARA > Idatzia > Mundua

33 zauritu eta 40 atxilotu Kroazian, Gobernuaren aurkako protesta batean

Egoera ekonomiko latzak eta ustelkeriak etsita, mila bat lagunek manifestazioa egin zuten Kroaziako Gobernuaren aurka. Poliziaren eta manifestarien arteko istiluen ondorioz, 33 zauritu eta 40 atxilotu izan ziren.

GARA |

Gutxienez, 12 manifestarik eta 21 poliziak zauri arinak izan zituzten, eta beste 40 lagun atxilotuta eraman zituzten Kroaziako hiriburuan, Zagreben, Gobernuaren aurkako mobilizazio batean izandako istiluen ondorioz.

«Zauriak arinak dira, kolpe eta harrikadek eragindakoak», azaldu zuen Slobidanka Keleuva Zagrebeko larrialdi zerbitzuetako zuzendariak.

Poliziak, bere aldetik, 40 lagunen atxiloketaren berri eman zuen, Efe agentziaren arabera.

Komunikabide kroaziarrek zabaldutako bertsioak dioenez, soldadu zaharrak manifestazio baketsu batean parte hartzen ari ziren, jasaten ari diren «jazarpen judiziala» salatzeko, Gobernuaren aurka jo nahi zuten mila bat manifestari agertu zirenean.

Manifestari talde hori San Marco plazara hurbildu zen, Exekutiboaren egoitza bertan baitago kokatua, baina debekatuta dago bertan manifestazio edo protestarik egitea.

Segurtasun indarrak, betiere bertako hedabideen arabera, plazarako sarrera ixten saiatu ziren, eta orduan hasi ziren manifestari eta polizien arteko tirabirak.

Protestaldian parte hartzen ari zirenek harriak bota zizkieten poliziei, eta agenteek borraz erantzun zuten.

Istiluetan parte hartu zutenek -gehienak Facebook bidez eta inolako alderdi politikoren bitartekaritzarik gabe antolatutako gazteak- jasaten ari diren egoera ekonomiko latza eta herrialdean dagoen ustelkeria salatu nahi izan zuten.

Halako egoerek ezinegona sortu dute Georgia edota Serbia bezalako herrietan, mundu arabiarretan jazotzen ari den legez.

Iragan ostegunean, Gobernuaren dimisioa eskatzeko manifestazioa egin zuten, hainbat gizarte eragilek deituta. Dozena bat lagun atxilotu zituzten orduan, baina bihar ere kalera atera, eta Zagrebeko Exekutiboaren ustelkeria eta krisi egoerari erantzuteko ganorarik eza salatzeko deia egin dute.

«Jazarpen judiziala»

Bestalde, 10.000 soldadu ohik manifestazioa egin zuten Zagreb erdiguneko plaza batean, Gobernuari eskatuz jasaten ari diren «jazarpen judizialari» amaiera emateko.

Joan den urtarrileko gertaera batek eragin ditu protestok: Tihomor Purda soldadu ohiaren atxiloketa. Serbiak eskatuta, Interpolek nazioarteko atxilotze agindua eman zuen Purdaren aurka. Bosnian atxilotu zuten.

Serbiako Justiziak Purdaren estradizioa eskatzen du, 1991ko Vukovarreko batailan zenbait soldadu serbiarren heriotza leporatuta.

Purdak eta bere kideek, ordea, akusaziook gezurtatu dituzte, torturapean eginiko testigantzetan oinarrituta daudela argudiatuta, garai batean serbiarren eskuetan atxilotuta egon baitzen, gerrako preso.

«Ez genuen gure bizitza jokatu orain auzipetu gaitzaten, eta gure nekazari, langile eta arrantzaleek duintasunik gabeko bizimodua izan dezaten», adierazi zuen Mario Slavicek bozeramaileak, «Kroazia defendatu zutenen aurkako auziak gelditu» lelopean egin zuten mobilizazioa- ren bukaeran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo