GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«Big Wednesday»: surf modernoaren bilakaera islatzen duen filma

Munduko surf komunitatean eragin handia izan duen filmaren bat aipatu behar bada, «Big Wednesday» da hori, dudarik gabe.

p054_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA I

Otsailaren 16an «asteazken handia» izan zen Kantauriko hegian, olatu bikainak izan baitziren. Surflarien artean hitzetik hortzera ibili zen esaera da «big wednesday». Belaunaldi berriek esaera ezagutzen dute, askotan erabiltzen baita olatu onak diren eguna izendatzeko, baina ziur aski, askok ez du benetako esanahia ezagutzen.

Itsasoratzea gogor egiten den egun ilun eta hotzetan goxo-goxo ikusteko filma da «Big Wednesday». Badira surfeko bideoak, marka izenek edo norbanakoek olatu eta surf irudi anitzekin egindako muntaiak, baina surfa ardatz hartuta, istorio bat kontatzen duten filmak, gidoi baten arabera antzezten duten aktoreekin egindakoak, urriak dira.

«Big Wednesday»

Hiru surflariren istorioa kontatzen du. Surfak itzelezko gorakada izan zuen garaietan Kaliforniako kostaldean zen giroa erakusten du. Surflarien artean arrakasta handiena izan duen filma da; izan ere, gazte izatetik heldutasunera igaro beharrak surflari baten bizitzan zer-nolako eragina duen oso argi islatzen du, eta 60ko hamarkadako surflarien balio eskalaren funtsa ere erakusten du.

Gaztetako parrandak, lagun artean egindako surf saioak, Vietnameko gerrara joan beharra, norberak bere bidea hautatu beharra, arazoak, erantzukizunak, laguntasunaren afera eta bizitzako gorabeherak oso ongi azaltzen ditu filmak, surflarien bizimoduan garrantzi itzela duen elementuarekin uztartuta: itsasoa.

Benetako istorioa da filmak kontatzen duena, baina kontatzen ez diren zenbait konturen zantzuak ere ematen ditu, zantzu historikoak, eta gainera aktoreak (asko surflariak) ongi hautatuak dira, surfari lotutako beste zenbait aferekin lotu baitaitezke eta horrek sinesgarritasuna ematen dio filmari.

Aaberg eta Milius

1978an argitaratu zen lehenengoz film hau. Dennis Aaberg surflariak egin zuen gidoia, eta gerora liburua ere kaleratu zuen. 50eko hamarkadaren azken urteetan hazi zen Kaliforniako kostaldean. Bere anaia zaharrak eraman zuen surf egitera Malibura lehen aldiz, 1957. urtean, 9 urte besterik ez zituela. 1965ean Australia eta Zeelanda Berriko olatuetan surf egiten ibili zen eta garaiko surflaririk onenetakoak ezagutu ahal izan zituen.

1966an Kaliforniara itzuli eta txapelketa ugari irabazi zituen. Gero lanbide ugari egin behar izan zituen bizirauteko, taulak konpontzen, sorosle, induskari, pintore, kaleko gitarra-jotzaile eta abar. 1975ean bere lagun John Miliusek gidoia giteko eskatu zion, eta esfortzu handirik gabe egin ahal izan zuen eskatutakoa. Filmean Slicken papera antzezten ageri da idazlea.

John Milius berriz, zinemagile eta gidoigile ezaguna da. 1958an hasi zen surf egiten eta bere lekutxoa lortu zuen Malibuko surflarien artean. Berak gaztaroan ezagututakoa islatzen du, beraz, film honetan.

Bere lanetan aktore famatuek parte hartu izan dute. «Dirty Harry» (1971, Clint Eastwood), «Jeremiah Johnson»(1972, Robert Redfort), «Apocalypse Now» (1979, Marlon Brando, Martin Sheen, Robert Duvall), «The Wind and the Lion» (1975, Sean Connery), «Dillinger» (1973, Warren Oates) eta «Conan the Barbarian» dira bere lanetako batzuk.

Azken honetan esate baterako, bada datu interesgarri bat. Arnold Schwarzenegger aktore nagusiarekin batera gezilari bibotedun bat ageri da Subotai izenekoa. Pertsonaia hori antzezten duen aktorea Gerry Lopez da, «Pipelineko erregea».

Gerry Lopez

«Big Wednesday» filmean bere burua antzezten ageri da Lopez. Alegia, gidoian bere lekutxoa du Gerry Lopezek, zeren 60ko hamarkadaren amaieran bere izena nonahi entzun zitekeen, eta gidoilariak ezin zuen aipatu gabe utzi. Pertsonaia batzuk izenordearekin aurkezten ditu, baina beste batzuen kasuan egiazko izena errespetatzen du.

Gerry Lopez «asteazken handiko» olatuetan surf egiten ageri da filmean, baita protagonistarekin elkarrizketa batean ere. Garai hartan gertatzen ari ziren aldaketen lekuko argia da kontakizuna. Filmeko une batean surflariak zineman ageri dira, garai haietan eragin handia izan zuten Gerry Lopezen irudi batzuk ikusten, Pipelinen hartutakoak.

«Farewell to the King» eta «Northshore» filmetan aktore lanak eginak ditu Lopezek eta surfeko dokumental askotan ere ageri da.

Honolulun jaio eta Waikikin hazi zen. Jatorri kubatarra, japoniarra eta alemaniarra dituen pertsonaia karismatikoa da. 60ko hamarkada amaieran hasitako bide berean jarraitzen du egun, egunero bi yoga saio egiten ditu, eta surf egiten jarraitzen du, noski.

1968an hasi zen Gerry ezagun egiten. 1970eko eta 1972ko munduko txapelketetan, emaitza onak bildu zituen Hawaiiko taldearekin parte hartuta. Munduko olaturik arriskutsuenetako batean (Pipeline) maisutasun handiz eta dotoreziaz ezinezkoak ziruditen tuboak egiteko gai zela erakutsi zuen Gerryk. Bere itxura hippya, olatuei aurre egiteko modua, eta estiloa oso erakargarriak ziren eta ezagun bilakatu zuten.

Bear

Esan bezala, surf modernoaren bilakaeran eman ziren gertakizun historikoak ageri dira filmean, baina liburuan agerikoagoak dira gertakizun horiek, eta gehienetan, Bear pertsonaiaren bidez azaltzen dira zantzu historikoak.

Filmeko hiru pertsonaia nagusientzako taulak egiten dituen surflari zaharra da Bear, gertakizun historikoak lehen pertsonan kontatzen dituena. Bere kontakizunetan Duke Kahanamoku, Tom Blake eta antzerako izen garrantzitsuak aipatzen ditu, surfaren historian aztarna utzi duten izen handiak.

Bada, ordea, hirugarren pertsonan kontatzen duen eta surflari guztiek entzutea maite duten kontakizun bat, «1958ko asteazken handia» deitzen diotena. Waimean hil zen gazte baten istorioa da. Gertaera historikoa da, nahiz eta ipuin moduan kontatua izan. Bearrek, belaunaldiz belaunaldi, itsasaldi handienak beti asteazken batean sartzen direla dio, eta horrela gertatzen da entzule dituen belaunaldi berriko surflarien kasuan ere. Horra hor, filmaren izenburuaren zergatia.

Waimeako istorioa egiazkoa da, ordea, nahiz eta data aldatua izan, egiazko gertakaria 1943an izan baitzen. Bearrek hirugarren pertsonan kontatzen badu ere, eta inoiz zuzenean onartzen ez badu ere, bera da gertakizun hartan bizirik atera zen pertsonaia, Woody Brown alegia.

1943ko abenduaren 22an, Woody Brown eta Dickie Cross, 17 urteko kaliforniarra, Sunseten ari ziren surf egiten, itsasaldi bortitza zen egun hartan. Ubidean ere olatuak lehertzen hasi ziren eta handik irteteko zituzten zailtasunak ikusita Waimeara joatea erabaki zuten. Bost kilometro baino gehiago egin zituzten hegoalderantz arraun egiten eta behin badiara iritsita, korrontearen aurka ubidean barrena irteten saiatu ziren, baina halako batean izugarrizko olatutzarrak atzeman zituen. Dickie Cross taula galduta olatu bat harrapatzen saiatu zen, baina «itsasoak haole-a (atzerritarra) irentsi zuen». Brown (Bear) handik urrun agertu zen, ia konorterik gabe eta larru gorritan, arinago igeri egiteko bainujantzia kendu baitzuen.

Bear, surflari batek izan behar duen ereduaren ikur gisa ageri da filmean, beraz surflari batek izan behar dituen balioen eredu da Bear. Surflari orok ezagutu beharreko kondaira bizia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo