GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Makinak pentsatzeko puntua jarri zidan

Ez daukat oraingoz behintzat berdinetik berdinerako harremanik eurekin; eta, akaso, horregatik, mesfidantzaz begiratzen ditut.

Lagungarri omen zaizkigu, askotan, niri behintzat lanak trakestu baino egiten ez badizkidate ere. Makinez ari naiz. Dena egin, dena asmatu, dena ordezkatu... dezaketen horiez.

Kotxea lur azpiko aparkaleku horietako batean sartzera joan, eta nire modura, tartea atetik gertuago non topatuko amorratuta zebilen beste gidari bakar bat ikusita irten nintzen. Makina atean, txartela hartu bitartean autoaren matrikula jasotzeko; makina, pagatzeko; makina, pagatu duzula ziurtatu eta hesia altxatzeko. Hark ez daki arazoez; ari ezin diozu atentzioa deitu txartela hartzen ez dizulako; hark bai edo ez, atzera edo aurrera bakarrik ulertzen baitu.

Bada, txartela sartu eta irten ari zela ikusi, eta poltsako zirrikituetan ordaintzeko txaponen bila nenbilela, makina hizketan bozgorailutik: «Zuen onagatik, zuen ontasunak zaintzea gomendatzen dizuegu». Ontasun sentimendurik ez duena ontasunaz hizketan, alajaina.

Grazia egin zidan ateraldiak; pentsatu nuen berehala hura grabatutako pertsonak «ondasunak» zituela buruan, eros eta sal daitezkeen horiek eta ez sentitzeko gaitasunaren tankerako besteak; gerora hiztegian begiratu eta sinonimo gisa ere erabil daitezkeela ikusi dut. Akatsa edo ez, gisa bereko mezuak sarriago entzuteak ez liguketela batere kalterik egingo okurritu zitzaidan. Megafoniatik, pentsatzeko, konturatzeko... Zergatik ez? Aparkalekutik abiatuta osatu behar dugun bidean pentsatzeko puntua. Askotan, horixe, egunerokotasuneko gurpilaren jira eta bueltatik esnatuko gaituen aitzakia behar baitugu. Niri behintzat mezu hark ze pentsatua, eta idatzia, eman zidan behintzat.

Kontxo, beste kontu bat ere etorri zitzaidan burura mezua entzutean: kameratxoen bitartez kotxea lapur ez diezaguten zaintzeko adina pagatzen dugula, alegia, aparkaleku horietan. Makinen bidez, edota, nik hala nahiago, aparkalekua gustura zainduko luketen pertsonak kontratatuta, bestela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo