GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andres Osa, «Sakona» Filosofian lizentziaduna

Poligrafoaren frogak

Ezker abertzaleak aspaldidanik abian jarrita zuen prozesu demokratikoak hartu duen berebiziko abiada, ospea eta indarra dela- eta, erabateko baietza jaso du sektore zabal batean

Egiaren gurpilean nor dabil egungo politikagintzan? Nor dabil gezurretan? Eta nor dabil erdizka, disimuluan, gauzak garbi esateko adorerik gabe? Ezker abertzaleak aspaldidanik abian jarrita zuen prozesu demokratikoak hartu duen berebiziko abiada, ospea eta indarra dela eta, erabateko baietza jaso du sektore zabal batean; mesfidantzak ere izan dira zenbait alderdi abertzaleren bidetik, eta ukazioak ere bai, baina gero eta motelagoa izan da. Intentsitate desberdinekin, «bai bide ona da, baina zertxobait falta da agiri horietan». Norbaitek zerbait kenduko dion beldurra agerian da. Puntatxoak nondik atera jardunean. Ipurtargia eskuetan eta ñabardura bila. Poligrafoaren frogari erantzuteko unean tremolo ahotsa entzun da.

Nafarroan abertzaleen arteko konponezina, traizioa, betoa, hitz jatea eta hainbeste gauza itsusi gertatzen ari direlarik, poligrafoak lan bikaina egin du. Kasu honetan tremoloa ez ezik, erabateko hitz motel urduriak azaldu dira. Poligrafoak behin baino gehiagotan zenbait protagonistaren erantzunen aurrean «gezurra esan dute» baieztatu du.

Poligrafoa beste trantze honetan jarri dugu, ea Rodriguez Zapaterok zer dioen. Milioi bat lanpostu sortuko zituela agindu zuen hauteskunde kanpainan eta hiru bat milioi langabe gehiago pilatu dira. Barne produkzio gordina %3 haziko zela eta negatiboan gelditu da. «Inoiz, inoiz ez dut murrizketa sozialik egingo» mila aldiz esan eta ikusi zertara iritsi den, 426 euroak, ama aldia, funtzionarioak, pentsioak, erregulazio espedienteak, soldata murrizketak... Ehunka aholkulari izan arren, 2008ko hauteskunde bezperan esan zuen «krisirik ez dago, alarmistak zarete», eta handik bi egunera, «krisi gogorrean gaude, kanpotik ezarri zaiguna, noski». Beste hau ere esan zuen: «Espainiako finantza arloa osasuntsu dago, eredugarria da mundu osoan», eta begira zer nolako panorama gaurkoa. 2.010eko maiatzean dena hankaz gora bota zuen, Europaren eta Obamaren morroi eta esanetara erabat belarri makurtuz. Pentsioak direla-eta, hor dabiltza 30 eta 50 urterako planak egiten, urte erdirako aurrekontuak ziurtasunez egiteko gaitasunik ez duten kargudunak. Gaur bai eta bihar ez, eta alderantziz. Horrela dabil Rodriguez Zapatero jauna. Bitartean, poligrafoa gora eta behera marrak egiten lehortu eta erotu egin da.

Eta zer egin dezake poligrafoak Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba kimikoari buruz? Euskal Herria zenbateraino maite duen denok dakigu; zapuzkeria guztietatik airoso irten da, GAL, Filesa, torturak eta zer ez! Gezurra eta egia komenentzien arabera erabiltzen du. Honen aurrean poligrafoak zera erabakitzen du: ministro honen baietzari ezetza eman eta ezetzari baietza. Hortxe aurki daiteke erantzun zuzena.

Tortura hitza aipatu dugu. Tortura da gizakiak gizakiari egin diezaiokeen degradazio handiena. Eta tortura mota hau ez da pertsona batek edo talde batek beste bati egiten dion deshumanizazioa. Ez, ez, ez. Estatuak, herritar guztion izenean, gu ordezkatuz egiten duen akzio kriminala da. Ez du konparaziorik beste ezerekin. Jakina, Herri Defendatzaileak, Lamarka jaunak, duela pare bat urte esan zuena irakurrita, «tortura kasuak daudela frogatzen denean salatuko dugu». Ez da Euskal Herrian bizi! Eta oraintsu oraindik torturak ekiditeko baldintza bat, inkomunikazioa kentzea hain zuzen, ez du exijitu. Honen aurrean poligrafoak dio Lamarkaren hitzak eta asmoak sinesgarriak ez direla.

Alderdi ilegalizatua legeztatzeari buruz ere mintzatu da poligrafoa. Jakin-min izugarria sortu da. Batzuek ahoa ongi puzten dute legeztatzearen aldeko jarrera hartuz, baina poligrafoak bati baino gehiagori gezurretan ari direla esan die. Poligrafoak zenbaitzuengan lekuz kanpo geldituko diren beldurra antzeman du.

Azkenik ilegalizatuen arteko pertsona ezagun bati galdetu zaio, Hernaniko alkateari, Marian Beitialarrangoitiari hain zuzen. Poligrafoak abizenarekin arazo gehiago izan ditu, esan duena egiaztatzeko baino. «Marianek seitik seitan egia esan du», dio poligrafoak. Tasio Erkiziari ere froga pasatzeko eskatu diogunean poligrafoak aitortu du: «Alferrikakoa da, gizon honek gezurrik esaten ez baitaki». Beste batzuek ere izango dute aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo