EHEk euskaraz bizitzeko hautua indartzeko jaia ospatuko du Gernika-Lumon
Euskarak jasaten duen «zapalkuntzaren eta mendekotasunaren» kontrako jaialdia prestatu du herri mugimenduak martxoaren 19rako. Bertso-bazkaria, mendi martxa, tailerrak eta kontzertuak izango dira.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak euskaraz bizitzeko nahia bultzatzeko martxoaren 19an Gernika-Lumon ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu zuen atzo Donostian.
EHEren izenean Unai Larreategik adierazi zuen euskararen eguneroko egoerak larria izaten jarraitzen duela eta herri euskaldun baten alde egiteko premia dagoela. Horretarako prestatu dute Euskaraz Bizi Egunaren bigarren edizio hau, euskaldunek direnaz harro daudela erakuts dezaten eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartsuago egiteko.
Larreategik salatu zuen Gobernu espainolak eta frantsesak, dituzten hizkuntza politikekin, euskararen menpekotasunak betiko irautea nahi dutela eta euskarak duen estatusa murriztu egiten dutela. Hizkuntzak «etengabeko eraso eta zapalkuntzak» jasan behar izaten dituela nabarmendu zuen.
Adibide gisa aipatu zuen orain arte euskara jakitea meritu gisa hartzen zela zenbait lanpostu lortzeko orduan; «baina pixkanaka meritu horiek kentzen ari dira». Ildo berari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoan irrati lizentzia lortzeko euskaraz aritzea beharrezkoa ez izatea ere salatu zuen, era horretan gaztelaniazko hedabideak gailentzen direlako.
Mugimenduaren ustez, euskarak «lehentasunezko estatusa emango dion hizkuntza politika» behar du, orain gauzatzen ari diren «asimilazio prozesuaren ondorioz, frantsesa eta gaztelania» direlako hizkuntza nagusiak Euskal Herrian.
Jaia eta aldarrikapena
Duela bi aste Donostian egindako manifestazioarekin euskadun eta burujabe izatea aldarrikatu zuten, eta oraingo honetan erdarek euskararengan egiten duten zapalkuntzaren aurka egin nahi dute protesta.
Martxoaren 19an, Euskaraz Bizi Egunean, jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte, eta jaialdia «euskaraz bizi den herriaren erakusleiho» izatea nahi dute. Egun horretan gauzatuko dituzten ekintzen helburua euskaraz bizitzeko nahia indartzea da.
Ekitaldiak 11.00etatik aurrera hasiko dira Pasealeku inguruan. Goizean erakusketak, kale animazioa ¯musika eta dantzak¯, sokatira, eskalada tailerra, euskalgintzaren azoka eta «IEE.EHE» dokumentalaren emanaldia izango dira. Gainera, «Euskalduna naiz eta harro nago!» lelopean egin den mendi martxari harrera egingo diote bazkaldu aurretik. Haurrek ere euren gunea izango dute puzgarri, tailer eta olinpiadekin.
14.30ean herri bazkaria hasiko da. Aurtengoa bertso-bazkaria izango da Igor Elorza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Beñat Ugartetxea bertsolarien laguntzari esker. Arratsaldean, 18.00etan, «Sasi guztien gainetik euskaraz bizi!» lelopean manifestazioa abiatuko da.
Gaueko ekitaldiak bereziki gazteei zuzenduak izango dira, Betagarri eta Sarkor taldeen eskutik kontzertuak izango baitira. Gero, Joxpa taldeak gaua alaitzen jarraituko du erromeria eskainiz.
Euskararen aldeko herri mugimenduak euskal herritar guztiei Gernika-Lumoko Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko deialdia egin zien, «euskarak jasaten duen zapalkuntza eta menperakuntza prozesuari kontra egiteko».
Euskaraz Bizi Egunaren lehenengo edizioa iaz egin zuten Etxarri-Aranatzen EHEren 30. urteurrena ospatzeko. Aurtengo egitaraua zabalagoa da, eta 11.00etatik aurrera egun osoan ekitaldiak izango dira.