GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Uxue Barkos, adore eta kuraia on!

Edonor astintzeko moduko albistea heldu zen atzo Nafarroako esparru politikotik, are gehiago egoera zail horrek oso ezaguna eta arras gaztea den pertsona bati eragiten dionean. Politikagintzaren eguneroko ika-mikei eta erakundeetako ohiko jardunari baino borroka latzago eta ezezagunago bati egin beharko dio aurre hurrengo egunetan Uxue Barkosek, Nafarroa Bai-ren diputatu eta Iruñeko zinegotziak.

Bularreko minbiziaren aurka aurrerapauso handia eman du medikuntzak, prebentzioa euskarri nagusia delarik. Horrek itxaropen handia ematen dio, bai Uxue Barkosi berari, bai eta egoera berean dauden emakumezko guztiei, gazteak zein hain gazteak ez direnak, ezagunak zein ezezagunak izan, politikagintzan dabiltzanak zein bestelako ogibideak dituztenak. Baina honekin batera, nola ez, ondokoen elkartasuna eta maitasuna jasotzea sendagai egokia bilakatzen zaie espero gabe gaixotasunaren zartada jasaten duten lagun guztiei.

Horretan eredugarri izan zen atzo Nafarroako alderdi guztien jokabidea, laster eta batera agertu ziotelako Barkosi euren besarkada eta sostengua, berehalakoan lehia politikoan berriz elkar ikustea opa ziotelarik. Lerro hauetatik ere, Ipar Euskal Herrian erabili ohi den animo oi- huaz lagundu nahiko genuke bidaia berri honetan: adore eta kuraia on!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo