Tentsioa gora, Seulen maniobra eta Ipar Korearen aurkako probokazioengatik
Hego Koreako eta Ameriketako Estatu Batuetako armadek maniobra militarrak hasi zituzten atzo, eta defentsarako direla ziurtatu zuten arren, bi Koreen artean gori-gori dagoen tentsioa areagotu dute. Ipar Koreak bere aurkako gerra baterako probak direla salatu du.
GARA
Ameriketako Estatu Batuetako eta Hego Koreako armadek maniobra militar bateratuak hasi zituzten atzo. Ohi bezala, ariketa horiek tentsioa nabarmen areagotu dute Koreako penintsulan, Piongiango Gobernuak salatu zuenez, bere aurkako balizko gerra baterako entseguak egiten ari baitira.
Key Resolve izeneko entrenamendu militarrak hilaren 10era arte iraungo du, eta Pentagonoko 12.000 soldaduk eta Seuleko Armadako 200.000 kidek -erreserbakoak barne- hartuko dute parte horretan. Foal Eagle izeneko ariketak, aldiz, datorren apirilaren 30ean bukatuko dira, Hego Koreako iturrien arabera.
Atzo abiatutako entrenamenduetan AEBetako hegazkin-ontzi batek ere hartuko du parte, Seulgo Estatu Nagusi Bateratuaren iturriek zehaztu zutenez.
Entrenamenduek balizko hainbat egoera irudikatuko dituzte, hala nola Ipar Koreako Gobernuaren bat-bateko erorialdia, errefuxiatuen ihesaldi masiboa edota suntsipen handiko armen bilaketa lanak, Hego Koreako Yonhap berri agentziak adierazi zuenaren arabera.
Igandean, ariketok hasi aurreko egunean, Ipar Koreak tinko erantzungo duela esan zuen, Ipar Koreako KCNA agentziak jaso zuenez: «Erasotzaileek `erabateko gerrarako' probokazioa egiten badute, Ipar Koreako herriak eta Armadak emango duten aurrekaririk gabeko erantzunaren lekuko izango da mundua».
Piongiang-ek «erabateko gerra» batean parte hartuko duela adierazi du, Seul «suzko itsaso» bilakatuz, ariketa militarren aurkako «errepresalia» gisa.
Gori-gori
Hori gutxi balitz, bi herrialdeen arteko harremanak gori-gori daude, iazko martxoan Hego Koreako ontzi bati torpedoz eraso eta hondoratu izana egozten baitio Hego Koreak Piongiang-eko Armadari, eta are goriago jarri ditu azaroan izan zen artilleria-tiro trukeak.
Era berean, Ipar Koreak tiro egingo duela mehatxu egin zion Hego Koreari, azken honek globo bitartez propaganda bidaltzen jarraitzen badu. 2000tik egiten ez zuenari berriro ekinda, Hego Korea globoen bidez Piongiang-eko Gobernuaren aurkako propaganda igortzen hasi da.
Elikagai eta botikak bidaltzen dituzte, Gobernuaren aurkako mezuekin. Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko altxamenduei buruzko informazioa ere botatzen dute.
Otsail hasieran bi herrialdeek goi mailako elkarrizketa militarrak egiteko asmoa zuten, baina Ipar Koreako ordezkaritzaren arabera, horiek prestatzeko kontaktuek porrot egin zuten, Seulen jarrera probokatzaileak eraginda.