GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Larretxeak aldeak ezartzen ditu oraindik

Jon LEUNDA

Alfaro eta Lazkano Binakako Txapelketako bigarren fasea jokatzeko ia aukerarik gabe geratu ziren atzo Donibane Garazin 68 minutu iraun zituen partidan, Larretxearen eta Ducassouren aurka 19 eta 40 galdu ostean.

Norgehiagokak ez zuen izan joko maila handia, baina partidaren lehen zatian ez zen emoziorik falta izan. Alfaro eta Lazkano lehen zatian itxuroso aritu ziren eta hamazazpigarren kintzera bitarte lehian sartuta ibili ziren, 17-17 berdinduta.

Ordura arte neurketak 45 minutu iraun zituen, baina hortik aitzinera sekulako abiadan joan zen norgehiagoka, izan ere, falta ziren kintzeak 23 minututan egin baitzituzten garaileek.

Jokoa apurtu zuena Olivier Larretxea izan zen. Zuraidekoak lesio dezente izan ditu azkenaldian, eta oraindik bere jokorik onenean ez baldin badago ere, atzo aldea berak handitu zuen.

Markagailuak hau erakutsi zuen: 1-1, 2-2, 4-4, 13-6, 15-15, 17-17, 17-32 eta 19-40. Saketik hiru tanto egin zituen Alfarok, eta 10, Larretxeak.

Zigorra

Frantziako Pilota Federazioak berretsi egin zuen atzo Sebastien Sorhuet-i ezarritako zigorra, eta Pausuakoak ezingo du partida ofizialik jokatu 2012ko ekainaren 17ra arte. Lapurtarrak joan den urtean eman zuen positibo marihuanarekin, eta berak kirol maila hobetzeko ez zuela egin esan arren, Federazioak zigorra berretsi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo