Hegazti baten irudi zizelkatua aurkitu dute Ekaingo koban
Saihets-hezur batean zizelkatutako hegazti baten irudia aurkitu du Jesus Altuna antropologoak, 2008az geroztik Ekaingo kobazuloan burutzen ari den indusketa kanpainaren barruan. Kasik zazpi zentimetroko luzera hartzen duen pieza, Madeleine arokoa da (duela 13.800 urte ingurukoa) eta kutun gisa erabili zuten garaiko arbasoek; adituentzat zaila da, ordea, zein motako hegaztia den zehaztea. Datorren udan, aurkikuntzaren erreplika ikusgai jarriko dute Ekainberrin.Ariane KAMIO | ZESTOA
Jesus Altuna (Berastegi, 1932) antropologoak urteak daramatza Ekaingo (Sastarrain bailara, Zestoa) kobazuloan indusketa lanean. Azken kanpaina 2008an abiarazi zuen ikertzaile talde batekin batera -aurten amaituko dute- aurreko urteetan indusi gabe utzitako eremuan, haitzuloaren sarreran, hain zuzen. Aurkikuntza nagusia, kasu honetan, tamaina handiko animalia baten (uroa edo bisontea) saihets-hezur batean zizelkatutako hegazti baten irudia da. Hezurra erdibitua izan zen aldez aurretik, eta arbasoek barnealdea landu zuten hegaztiaren itxura emateko.
Aurkitutako piezak 13.800 urte inguruko antzinatasuna izango luke Uppsalako Unibertsitatean (Suedia) egindako datazioen arabera, hortaz, Erdi Madeleine aldikoa dela esan daiteke. Altunak azaldutakoaren arabera, Ekainen aurkitutako margolanak baino 800 urte lehenago egindako irudia litzateke eta balitekeela garaiko arbasoek kutun edo zinginarri gisa erabiltzea nabarmendu zuen.
Irudia perspektiba okertuaren bitartez egina dago. Burua albotik ikusita ageri da, animalia bi zatitan banatzen duen plano sagitalaren arabera. Gorputza, ordea, bizkarraldetik eta sabelaldetik ikus daiteke, plano frontal baten arabera, soilik horrela ikus baitaitezke bi hegalak aldi berean -azpiko irudian ageri den moduan-.
Altunak berak azaldu zuenez, irudia berezia da hainbat zentzutan. Alde batetik, garai horretako pieza gehienak Pirinioen iparraldeko aztarnategietan azaldu dira, eta askoz ere gutxiago Kantauri isurialdean. «Datu honek erakusten digu garai hartan kultura harreman estuak zituztela Estatu frantseseko hegoaldean eta Kantauri alde osoan bizi ziren gizakiek», esan zuen. Aurrez aurkitu diren irudi gehienek, gainera, tamaina handiko animalien buruak irudikatzen dituzte, zaldiak, basahuntzak edo bisonteak, kasu, eta hioide hezurraren gainean -mihi ondoan den hezurra- eginak dira. Ekainen aurkitutako irudia, ordea, saihets-hezur baten gainean egindakoa da; gainontzekoek ez bezala, ikuspegi okertua du, izan ere, ugaztuna ez bezala, hegan doan hegaztiaren zabalera altuera baino handiagoa da eta hori izan daiteke arrazoi nagusietakoa -zabalera ez baitzen saihets-hezur estuan `sartzen'-.
Hegaztia zein espezietakoa den jakiteari zail iritzi zion Altunak. «Hegaztiak makrougaztunak baino askoz ere ugariagoak dira eta ez dira erraz geldirik egoten irudikatuak izateko. Egoera orokorrak anatidoak gogora ekartzen dizkigu. Antzarek lepoan eta hegaletan dituzten arrastoak gauza bera gogorarazten digute. Lumen ertzetako siluetek, agian, hegaletako ertz oxkardunak irudikatuko lituzkete», agertu zuen.
Beste aukeren artean, Gavia arctica deritzon hegaztia ere izan zitekeela nabarmendu zuen. «Hura Eskandinavia inguruetan bizi den hegaztia da, eremu hotzetakoa. Ez da oso ohikoa gaur Euskal Herrian ikustea, negu oso gorrietan izan ezik. Baina antzinako aro izoztuetan hemen bizi zitekeen espezia da».
Udara begirako berrikuntzak
Saihets-hezur batean zizelkatutako hegaztiaren irudiaren erreplika datorren udan ikusi ahal izango da Ekainberrin. Hura ikusgai egon bitartean 360 graduko irudiak erakusten dituen bideo batek, esku-orriek eta panelek emango dute aurkikuntzaren berri.
Datozen hilabeteetan Ekainberrin eta inguruetan berrikuntza gehiago izango direla iragarri zuten, bestalde, Pilar Azurmendi Gipuzkoako Aldundiko Ondare zuzendariak eta Juanjo Aranburu Ekainberriko gerenteak. Besteak beste, bailara berean, Ekainberrira iritsi aurretik dagoen Lili jauregiaren irekieraz ohartarazi zuten. 2010ean eraberritua, jauregi hori XV. eta XVII. mendeetako historiaren lekuko nagusienetako bat da eta garaiko altzari eta tresnekin hornituko da udatik aurrera bisitaldiak egin ahal izateko.
Horrez gain, Lilitik abiatuta Ekainberrirantz soilik oinezkoentzat izango den bidearen lehen zatia gauzatzeari udaberrian ekingo zaiola nabarmendu zuten.
Irudiaren erreplika udatik aurrera izango da ikusgai Ekainberrin; garai berean, Lili jauregi eraberritua, XVI. mendeko eraikuntza gotikoa, zabalduko dela iragarri zuten.