Oronak enpresa, ikerketa eta unibertsitatea batuko dituen gunea sortuko du Hernanin
Oronak ikerketa, berrikuntza, enpresa eta unibertsitatea batuko dituen egitasmoa gauzatuko du Hernanin, Donostiako Parke Teknologikoa handitzeko eremuan. Orona Ideo 2014an izango da martxan.
GARA | HERNANI
Orona Ideok sortuko duen esparru berriaren lehenengo harri birtuala jarri zuten atzo Hernanin Bernabe Unda Industria sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, Jose Maria Aldekoa Mondragon Korporazioko lehendakariak eta Javier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak. Donostiako Miramongo Parke Teknologikoa Galarretara zabaltzeko proiektuan egitasmo nagusia izango da. Bertan igogailu ekoizleak berrikuntza esparrua eraikiko du, hiri-mugikortasunean, igotzeko sistemetan eta eraikuntzen energia-kudeaketan bereziki lan egingo duena.
Toki berean, enpresa, ikerketa eta garapena (I+G) eta unibertsitatea batuko dira eta 500 pertsonak lan egingo dutela aurreikusten dute. 2014an bukatuta egongo da, Oronak 50. urteurrena betetzen duen urtean.
Parke Teknologikoa zabaltzeko 160 milioi euro inbertituko dira, eta horietatik 70 milioi euro Oronaren egitasmoak jasoko ditu. Berrikuntza eta ikerketa zentroak 40.000 metro karratuko azalera hartuko du, eta parke osoak 108.000 izango ditu.
Uztailean eraikinak
Gaur egun lurra mugitzen ari dira. Orona Ideo 2011ko uztailean hasiko da lehen hiru eraikinen lanetan: Orona Fundazioarena eta unibertsitatearena, Oronako egoitzarena eta energia ikerketa zentroarena. Puntako teknologia erabiliko da eraikinen energia kudeaketan, batez ere igogailuei eta hiri-mugikortasunari dagokionez. Orona taldeak 30 enpresa baino gehiago biltzen ditu eta 4.000 langile baino gehiago ditu.
Undak eta Olanok arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana goraipatu zuten.
Hernaniko alkateak eskerrak eman zizkien lurjabeei «herriari ekarriko dion onuraz jabetu eta zonaldetik etxeak egiteko aukera baztertuz eremu osoa ekonomi jardueratarako jartzeko borondatea erakutsi dutelako». Halaber, Udalean akordioak aho batez hartu direla nabarmendu zuen. Udalak sei milioi euro gastatuko ditu Galarretako gune teknologikoan.
«Galarretan martxan jarriko diren proiektu teknologiko eta hezkuntzakoen garrantzia eta herriari ekarriko dizkion onurei begiratuta, Hernani irabazten aterako dela ez dugu zalantzarik», adierazi zuen.