Nafarroako eta Arabako bertsolari txapelketak, finalaurrekoen atarian
GARA | IRUÑEA
Nafarroako Txapelketako azken-laurdenak amaituta, erabakita gelditu da finalaurrekoetan arituko diren 18 bertsolariak. Txapelketa hasi aurretik, hiru ziren iazko sailkapenaren arabera zuzenean finalaurrekoetara sailkatutakoak: Julio Soto, Estitxu Arozena eta Oskar Es- tanga. Horiekin batera, lau azken-laurdenak irabazi dituzten bertsolariak sailkatu dira zuzenean: Xabier Terreros (Tafallako saioan), Eneko Lazkoz (Irurtzungoan), Xabier Silveira (Doneztebekoan) eta Aimar Karrika (Berriozarkoan).
Lehendabiziko finalaurrekoa datorren martxoaren 12an ospatuko da Beran, Oskar Estanga, Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Jon Barberena, Saioa Alkaiza eta Jon Elizetxe bertsolariekin. Hurrengoak, martxoaren 19an eta 26an izango dira Leitzan eta Elizondon, hurrenez hurren. Bai finalaurrekoetarako bai finalerako sarrerak salgai dira bertsosarrerak.eu atarian.
Araban ere bai
Arabako Bertsolari Txapelketari dagokionez, azken bi kanporaketak asteburuan ospatu eta gero, amaitua da dagoeneko lehenengo fasea.
Martxoaren 13an, Zigoitian, bere bidea jarraituko du txapelketak, bigarren faseari ekinez. Aurrenekoz gainera hiru finalerdi ospatuko direnez, zailagoak, eta beraz, interesgarriagoak izango dira saioak.