Plazaola, Madernaz eta Lizeaga Seysses-en espetxeratu dituzte
Bezperan kartzelatu zuten Aiala Zaldibarren mentura berbera izan zuten Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga eta Bergoi Madernaz gazteek. Goizean eman zien Paueko epaileak euren aurkako euroagindu-eskaeraren berri, hirurak espetxeratzeko agindu aitzin. Datorren asteartean aztertuko ditu Gorteak. Zaldibarri ere baldintzapeko askatasuna ofizialki erretiratuko diote egun berean. Bitartean, auzitegi berberak ontzat eman zuen Eider Zuriarrain Espainiaratzeko eskaera.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Izpurako itxialdiaren ondotik atxilotutako Beñat Lizeaga, Bergoi Madernaz eta Aitziber Plazaola Seysses-eko espetxean giltzapetzeko agindua eman zuen, atzo, Paueko Instrukzio Ganberako epaileak.
Aurretik, Auzitegi Nazional espainolak euren kontra egindako euroagindu-eskaeren berri eman zien fiskalak hiru gazteei. Jakinarazpenean jasotzen denez, Segi erakundean ardurak izatea leporatzen die Madrilgo epaitegi bereziak. Zehazki, Plazaolari «ardura nazionala», Madernazi Arabako herrialdekoa eta Lizeagari Urola-Kosta eskualdekoa izatea egotzi diete.
Hain oinarrizko informazioarekin eta defentsa prestatzeko denbora aski izan ez denez, eskaerak datorren asteartean aztertzea erabaki zuen epaileak.
Zaldibar ere Pauen
Madernazekin batera herenegun Baionan atxilotutako Aiala Zaldibar ere Sesysses-etik Pauera eraman zuten atzo goizean. Behin-behineko askatasuna erretiratzen zitzaiola jakinaraztea zen lekualdatzearen arrazoia. Alta, abokatuaren laguntza izateko aukerarik izan ez zuenez, formalismo hori astebetez atzeratzea erabaki zuen epaileak. Horrenbestez, heldu den asteartean bera ere Paueko Auzitegira eramanen dute berriro.
Zaldibarren kontrako euroagindua jada onartua du epaitegiak baina, une hauetan, kasazio-auzitegian jarritako helegitearen emaitzaren zain dago. Bitartean, kontrolpean aske zegoen gasteiztarra, baina Izpurako itxialdian sartu zelarik, epaileak ezarritako neurriak betetzeari -besteren artean, egunero komisarian agertzeari- utzi zion.
Euroagindua salatzeko eta politikagintzan jarduteko eskubidea aldarrikatzeko Izpuran astebetez itxialdia burutu zuten zortzi gazte independentistok. Joan den larunbatean, xede berarekin Euroaginduaren Kontrako Kolektiboak Kanbon antolatutako kantaldian «bizitza publiko normalera» itzultzeko hautua egin zutela iragarri zuten. Bertan, hamar euskal hautetsik beren etxeetan aterpetzea eskaini zieten. Horietako baten etxean -Alice Leiziagezahar- zeuden Lizeaga eta Plazaola, Donibane Garazin astelehen arratsaldean atxilo hartu zituzten gazteak.
«Miresmena»
Hain zuzen, Eferi egindako adierazpenetan, Akitaniako kontseilariak bere etxean zituela onartu zuen. Ez hori bakarrik; ekintza horrekin hartu zuen «arriskuaz» jakitun izaki ere, euroaginduarekin ados ez zegoela gaineratu zuen: «Terrorismo edo gaizkileen kasuan, hor nonbait, baina prozedura hori ezin da ideia politikoengatik aplikatu. Ez nator bat gazte horien ideiekin, baina adierazteko eskubidea dute. Ia miretsi egiten ditut euren geroaren jabe izateko duten grinagatik».
Beñat Lizeagaren herrian egunero ari dira mobilizazioak egiten. Atxilotu zuten egunean, esaterako, 120 lagunek manifestazioa egin zuten. Datozen egunetarako hitzordua 19.30ean jarri dute, ostiralean salbu, egun horretan 20.15ean abiatuko baitira Kofradiatik.
Eider Zuriarrainen euroagindua onartu egin zuen atzo Paueko Auzitegiak. Haren abokatuak adierazi duenez, 31 urteko deustuarrak ez du helegiterik jartzeko asmorik. Hortaz, horretarako legez dituen hiru egunak bete ostean, hurrengo hamar egunetan Espainiaratu lezakete.
Zuriarrain otsailaren 10ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Baionan, bere lantokira zihoala. Lehen bost egunak espetxean pasa zituen, baina otsailaren 15ean kontrolpean aske uztea onartu zuen epaileak. Euroagindua gauzatzeko, beraz, litekeena da komisariara aurkezten delarik atxilotzea eta Madrilera eramatea. A.M.