GARA > Idatzia > Kultura

1936ko Gerraren itzalpera eraman du Jose Inazio Basterretxeak bere azken eleberria

«Azken tranbiaren itzala» nobela «homozentrikoa» da Jose Inazio Basterretxearen arabera; 1936ko Gerran girotua, guda hartako alde bien ikuspegiak biltzen ditu memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean.

p042_f01_096x092.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

«Azken tranbiaren itzala» (Elkar) da Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, 1959) irakasle eta idazlearen lanik berriena, eta 2008an «Mandatariaren gerra»n egin bezala, oraingoan ere 1936ko Gerraren itzala baliatu du kontakizunaren kokaleku nagusitzat. Nolanahi ere, batak bestearekin zerikusirik ez duela nabarmendu zuen. Oraingoan, eleberri «homozentrikoa» ondu du galdakarrak. «Erdigune berbera» partekatzen duten bi kontakizun nagusi «nahasi» ditu bertan; batetik, zehaztu gabeko herri batean bizi den familia abertzale batek pairatzen dituen gudaren ondorioak, eta, bestetik, Bordelera misio berezia betetzera doan komandoa. «Protagonistak, galtzaileak eta irabazleak dira».

Hala, ikuspegi biak aintzat hartuta, «halabeharraz» dihardu Basterretxeak, eta saihestezina izan ohi den halabehar horren inguruko gogoeta egitera bultzatu nahi du irakurlea. Gogoetarako gakoak, eleberriak kontatzen dituen bi «bidaien» bitartez erakusten ditu. Bata, «kanpokoa» -komandoak Estatu frantsesera egiten duen bidaiari dagokiona- eta, bestea, «barnekoa», gudaren «doilorkeria eta zitalkeria» agerian utzita, nahiz eta «esperantzarako» zantzuak ere antzeman ahal diren.

«Memoria Historikoaren berreskurapena aldarrikatzeko» baliatu duela nabarmendu zuen. «Gerra Zibila gugandik hurbil dagoen gertakari bat da, ez soilik orain dela hirurogeita hamar urteko gertakaria delako, baizik eta, oraindik ere, gure ahotan dabilelako. Gugandik gertu dago kuantitatiboki eta kualitatiboki», esan zuen.

Gertakari labur batetik abiatzen da eleberria, «pieza labur batetik, segundo batekoa». Segundo hori etxean jaso zuen Basterretxeak eta gertakari hori osatzeko lanak bi iturritatik jaso ditu. Batetik, Arteako, Bizkaiko Aldundiko eta Elizako artxiboetatik, eta bestetik, bere amets eta fikzioetatik. «Etxean entzundako apurraren gainean, kalean entzundako apurraren gainean eta almohadak sortutako askoren gainean eraikitako narrazioa da eleberri hau», ohartarazi zuen Basterretxeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo