Irlanda: iraultza barik, hauteskunde mendekua
Irlandako hauteskunde orokorrek Europako indar elektoral arrakastatsuenaren porrot ikusgarria ekarri dute. 1932. urtean Eamon de Valeraren Fianna Fail alderdiak boterea aurrenekoz eskuratu zuenetik, Irlandako zutabe nagusia izan da, Eliza katolikoa legez, tradizio eta nortasun nazionalaren erakusgarria. Baina urteetan munduan zehar kate motzean paseatu duen «tigre zeltak» ezustean buelta eman eta merezimendu osoz jan egin du. Irlandaren ondasun nazionalaren bosten bat galdu ondoren, larrutik ordainduko duen Europako finantza erreskatea onartuta, Fianna Failek galbidean jarri du bere burua. Eta galdera existentzialaren zama gainetik kendu ezinean dabil eta ibiliko da: Fianna Fail boterearen alderdia ez bada, zertarako orduan?
Irlandak zein zigortu duen zer nahi duen baino argiago adierazi du, ordea. Fine Gael eta laboristen koalizioari gobernua eman arren, hauek ez dute taxuzko alternatiba irudikatzen. Hauteskundeek ez dute, beraz, iraultza politikoa ekarri. Nabarmentzekoak dira, bestalde, Sinn Fein alderdi errepublikarrak eskuratu dituen botoak eta estatusa. Protesta boto positiboa bildu eta nabarmen handitu du ordezkaritza. Haren alde bozkatu duten asko Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenean umeak ziren, eta orain haientzat Sinn Fein beste alderdi bat da, herrietan eta herrigintzan buru-belarri dabilena. Arnasa luzekoa den bere lana saritu du herriak.