Arraza autoktono batzuk babesteko irtenbideak proposatu dituzte tesian
GARA | BILBO
Fernando Rendo biologo gasteiztarrak behi, ardi eta zaldi arraza autoktonoei buruzko doktore tesia argitaratu du. Bertan, desagertzeko arriskuan dauden sasi ardi eta betizu arrazek bizirauteko irtenbideak ematen ditu, eta baikor azaltzen da pottoka arrazaren kontserbazioaz.
Rendo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) biologoak tresna genetiko-molekularrak garatu ditu, jatorriz Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoak diren ardi, behi eta zaldi arraza jakin batzuen zuhaitz genealogikoa osatzeko helburuarekin. Horretarako, mikrosatelite ugari (DNA-sekuentzia mota bat) eta SNP batzuk (DNA-sekuentziaren bariazio mota bat) aukeratu ditu, egitura genetikoak ezaugarritzeko biomarkatzaile baliagarriak direlakoan.
Horiekin, panelak eraiki ditu, eta aplikatu egin dizkio zenbait ardi («latxa, Karrantzakoa, sasi ardia, Nafarroakoa»), behi («Pirinioetakoa, betizua, terreña, montxina») eta zaldi arrazari («pottoka, Nafarroako zaldikoa, Euskal Herriko mendi zaldia, Aurizko zaldia»).
Panel horiek oinarrizko tresna gisa hartuz, ikerlari gasteiztarrak bere doktore-tesia egin du, eta tokiko arraza horietako populazioen genetika aztertu du. Arreta berezia eskaini die desagertzeko arriskuan dauden arrazei. Horregatik, orain arte egindako kontserbazio-plan batzuen eraginkortasuna aztertu du, baita proposamenak egin ere etorkizuneko programei begira.
Aztergai izan diren arrazetan, populazioen arteko «aldagarritasun genetiko handia» nabarmendu du ikerlariak. Horren adibidetzat dakar latxa ardi-arrazaren heterogeneotasuna, eta hiru populazio-talde identifikatu ditu tesian: «EAEko muturbeltza, muturgorria eta Nafarroako muturbeltza».
Mendebaldeko Pirinioetan erabili ohi den estrategiari egotzi dio ikertutako ardi, behi eta zaldi arrazetan aurkitutako dibertsitate handia. Animaliak inguruko taldeen artean gurutzatzean datza estrategia hori, eta eremu geografiko oso txikietan talde homogeneoak eta isolatuak sortzea eragiten du horrek.
Tesian dioenez, aldagarritasun handi hori bereziki positiboa da desagertzeko arriskuan dauden arrazen kontserbazio-programak egiteko; hor sartzen ditu, besteak beste, «sasi ardia, betizua, terreña, montxina, pottoka eta Nafarroako zaldikoa».
Etorkizuneko kontserbazio-programei begira, sasi ardi arrazari, betizu behi arrazari eta pottoka zaldi arrazari begirako ekarpen zehatzak egin ditu ikerlariak.