Orbea taldearen aurkezpena
Ohiko ilusioa eta azken orduko ustekabeak
Talde berriarekin bi lasterketatan aritu ondoren, Pello Bilbaok Euskaltel-Euskadiren kamiseta jantziko du.
GARA | MALLABIA
Protagonisten diskurtsoa bai, baina aurkezpena bera ez zen, ez, ohikoa izan. Orbea Kontinentalak 2011ko taldea aurkeztu zuen atzo eta ekitaldi berean aurreneko bajen berri ere eman zuen.
Egoera arras desberdinak dituzte Pello Bilbaok eta Joseba Larraldek; lehenak profesionaletara heldu eta beste maila bat igoko du, eta Joseba Larraldek, berriz, txirrindularitza utziko du. Alex Diaz Orbeako zuzendariak azaldu zuenez, «bere bizitzaren arlo honi amaiera ematea eta berri bat hastea» erabaki du Larraldek.
Pozgarriagoa da, dudarik ez, Bilbaok bizi izandako aldaketa. Orbearen eskutik profesionaletara heldu berria den 21 urteko gernikarra bi lasterketatan ez da lehiatu, Mallorcan eta Andaluzian, Alex Diazen agindupean. Alta, bertan eskainitako irudia eta aurreko ibilbidea -zortzi garaipen lortu zituen amateurretan Naturgas Energiarekin- nahikoak izan dira Euskaltel-Euskadiren arduradunak konbentzitzeko. Bilbaok berak atzo bertan jakin zuenez, hemendik aurrera maillot laranja jantziko du, Koldo Fernandez de Larreak utzitako hutsunea betetzeko. Bizkaitarrak, horrela, aste batzuk lehenago Ion Izagirrek eta Mikel Landak ibilitako bide berberari ekingo dio.
Eta Orbeak, azkenean, dituen hamaika txirrindulariek etorkizunean hartu nahiko luketena. Horietako zortzik (Jon Aberasturi, Aritz Etxebarria, Ricardo Garcia, Xabier Zabalo, Adrian Saez de Arregi, Noel Martin, Beñat Urain eta Andoni Blazquez) esperientzia errepikatuko dute, Mikel Bizkarra, Victor Cabedo eta Aritz Bagues etorri berriekin. Ez dira gehiegi, baina bai «nahikoak», Alex Diazen ustetan. Izan ere, «egutegia zabaltzea» espero dute, «lasterketa gehiagotan arituz». Eta ilusio bikoitzaz ekingo diote egutegi horri; batetik, Mallorcan eta Andaluzian sentsazio onak izan dituen taldea «iaz baino helduagoa delako; esperientzia nabaritzen zaiolako», eta bestetik, «goian Euskaltel-Euskadi egotea eragingarriagoa delako txirrindularientzat lan egiteko orduan».
Apirilaren 4tik 9ra hartuko dute parte itzulian 21 taldek. Sei etapek erabakiko dute irabazlea: Zumarraga-Zumarraga, Zumarraga-Lekunberri, Villatuerta-Zuia Murgia, Amurrio-Arrate, Eibar- Zalla eta Zallan egingo den 24 kilometroko azken erlojupekoa.
«La Gazzetta dello Sport» egunkariari eskainitako elkarrizketan, Giroa denboraldiko lehendabiziko helburu garrantzitsua izango duela aitortu du, «oso gogorra» den arren. «Etapa nagusi bat eduki beharrean, sei ditu», nabarmendu zuen.