GARA > Idatzia > Kultura

Mexikar Hildakoen Gaueko espirituarekin dantzan ekarri du Vendettak «Puro infierno» lana

Nafar ska taldeak mexikar kutsuko bigarren lan luzea aurkeztu berri du, «Puro infierno». Bertsio eta kolaboratzailerik gabe osatu duten lanean hamabi kantu bildu dituzte, horietako bi euskaraz abestuak.

p043_f01_147x096.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Skalariak taldearen errautsetatik sortu zen Vendetta, makina bat aldarrikapen kanturen bertsioak berreskuratuz agertu zitzaigun ska talde nafarra. Sortu eta gutxira plazaratu zuen debut lan homonimoa, eta «Puro infierno» bigarrena aurkeztu du orain, irribarrea ahoan duela.

Zalantzarik gabe zuria, beltza eta gorria dira Vendetta taldearen koloreak, eta bigarren lan honetan gorri-gorri dator taldea, infernuko sutan. Baga Biga diskoetxeko arduraduna den Ritxi Aizpururen esanetan, «talde alaia da Vendetta, ska musikaren alderik gartsuena eta beroena lantzen duena, honakoan mexikar doinuei keinu ugari eginda».

«Puro infierno» Iker Piedrafita ekoizle zuela iazko abendua eta 2011ko urtarrila bitartean grabatu zuten El Sotano estudioan, eta taldeko gitarra-jotzaile Javier Etxeberria zein Pello Reparaz tronboia izan dira doinuen konposatzaile nagusiak. Azken honen esanetan, «Piedrafitak ekarpen garrantzitsuak egin dizkio taldeari».

Zuzenekoaren indarra

Pello Reparazek debut lanarekin alderatu zuen «Puro infierno» atzo. «Aurrenekoa azkar atera genuen, eta bertsio andana jaso genuen bertan, esker oneko kantuak. Honakoan berriz, guzti-guztiak gureak eman ditugu, kasik kolaboratzailerik gabe. Disko konpletoa dugu, indar handikoa eta %100 Vendetta». Taldea zuzenean jotzeko desiratzen dago, eta lana errepidera irteteko aitzakia da kasik, «zuzenekoan baitago erronka».

«Inguratzen gaituen gizarteari itxaropen mezu bat igorri nahi diogu, irribarre bat eskaini, beharrezkoa ikusten dugu-eta». Horretarako, hitzordu asko eginak ditu dagoeneko, martxoaren 18an Zaragozan hasita. Euskal Herria zeharkatuko dute gero, eta tartean Alemaniara eta Suitzara ere joango dira.

Reparazen esanetan, «lehen lanak kutsu italiarra bazuen, bigarren hau mexikarren odolberoak kutsatuta dago», eta ez bakarrik kaskezurrez eta suz beteriko diseinuan -Olatz Aldasororen lana-. Taldeko kontrabaxu jotzaile Luisillo Kalandrakak argitu digunez, «azken batean, Hildakoen Gaueko espiritua da geureganatu nahi genuena, eta festara eraman».

Kantuei dagokienez, taldeak konposatzaile nagusi zuen Etxeberriari, Reparaz gehitu zaio orain kantuak sortzeko orduan, oso modu naturalean. Eta beste urrats handi bat emanda, taldeak euskarazko bi kantu txertatu ditu hamabi kantuko diskora. «Eta beste bide batzuk jorratu ditugu toki berera heltzeko. Orain hitzetan aldarrikapena ez da horren esplizitua, aurrerapausoa dago gure lirikan ere», tronboi jotzailearen aburuz.

ALAITASUNA

«Inguratzen gaituen gizarteari itxaropen mezu bat igorri nahi diogu, irribarre bat eskaini, beharrezkoa ikusten dugu-eta», dio Pello Reparaz tronboi jotzaileak, «Puro infierno» diskoaz hitz egiterakoan.

Fitxa

Taldea: Vendetta..

Diskoa: «Puro infierno».

Disketxea: Baga-Biga.

Zuzenekoak: Bonberenea, Tolosa (martxoak 19); Atekarock, Leitza (apirilak 2); Kafe Antzokia, Ondarroa (apirilak 9); BKA, Bermeo (apirilak 15); Jimmy Jazz, Gasteiz (apirilak 16), Gatika (apirilak 29); Doka, Donostia (apirilak 30).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo