GARA > Idatzia > Kultura

Iparraldeko euskal kultura, hegoaldeko erakusleihoan

Orain hamar urte abian jarri zenetik, martxoa izan da «Iparraldea bertan» zikloa egiteko hautatutako hilabetea. Asteazkenero -19.30ean-, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak Ipar Euskal Herrian sortu diren eduki artistikoak aterako ditu plazara.
p041_f01_97x148.jpg

A. BUTRON - O. LARRETXEA | DONOSTIA

Arrazoi zuen Xabier Letek bere kantuetako batean «Haizea dator iparraldetik» baieztatzen zuenean. Dagoeneko 10 urte igaro dira Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin «Iparraldea bertan» zikloa ospatzen duela. Aurreko edizio guztietan bezala, martxoko asteazkenetan Koldo Mitxelenan -19.30ean- izango dira ekintzak - kontzertuak, kantaldiak edota hitzaldiak- . Gaur ekingo zaio aurtengo edizioari. Berritasunen artean, apirilaren 6tik maiatzaren 7ra Jon Cazenave argazkilariaren erakusketa izango da kulturuneko ganbaran eta «Iparraldea XXI: gaurko iparraldea ezagutzen ote duzu?» dokumentalaren emanaldia. Iparraldeko egileen edukiak heldu dira dagoeneko Hegoaldeko erakusleihora.

Hamargarren edizioa aurkeztera hurbildu ziren Donostiara , Euskara eta Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin eta Kike Amonarriz umorista eta aurkezlea -azken honek parte hartuko baitu hilaren 23an estreinatuko den «Bidasoa: biga so! Irri Iparrak eta Hego Erak» hitzaldi umoretsuan-.

Formatu anitz

Zikloari arratsaldean emango dio hasiera «Attuli, kantuz-kantu» kantaldiak. 2005ean zendua, Attuli (Alexis Etchecopar) Zuberoan oso ezaguna zen bere musika eta kantugintzagatik. Patrick Queheillek «Xahakoa» izeneko pastorala idatzi zuen eta, hain zuzen, bertako protagonista Jean-Nöel Pinque Koldo Mitxelenan izango da Jean-Pierre Luro, Lucien Joa eta Jean Marie Haritchabaletekin batera.

Bigarren jardunaldian, hilaren 9an, alegia, Peio Etcheverry-Ainchartek «Aberri txiki, Aberri handi» hitzaldia eskainiko du eta, besteak beste, iparraldeko herrialdeen eta hegoaldekoen egoera soziopolitikoaren arteko desberdintasunen inguruan mintzatuko da.

«Zergatik hitz egiten dute horren ozen gipuzkoarrek?»; horrelako galdera bitxiak egingo dituzte Kike Amonarrizek eta Pantzo Hirigaraik hilaren 23ko hitzaldian. «Deskubrituko dugu elkartzen gaituena ez dela uste genuena», iragarri zuen.

Estreinaldia izango da, halaber, ostegunean eta hilaren 31ra arte etengabeko emanaldian, Koldo Mitxelenako atarian eskainiko den «Iparraldea XXI: Gaurko Iparraldea ezagutzen ote duzu?» dokumentala. EKE-k ekoiztuta, Iparraldean ospatzen den Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiaren, surfaren edota bertsolaritzaren berri ematen da. Horretarako Xala pilotariak kazetariarena egin du, elkarrizketen bidez, kultura ondare zabala ezagutzera emateko.

Egitarauaren inguruko informazio zabalagoa eskuragarri dago eke.org eta kmk.gipuzkoakultura.net guneetan.

Iparra-Hegoa kultur astea

Martxoaren 24tik 27ra iraganen da Iparra-Hegoa kultur astea. Aurten «Komunikabideak» gai nagusia aukeratu dutela-eta, gehienbat Segura herrian gertatuko diren ekitaldietan gai horri loturiko hiru hitzaldi eskainiko dira. Horiekin batera, egunez egun, bertso-poteoa, haurren eguna, eta besta giroa zabalduko da herrian.

Halere, azken urteotan bezala, kultur astea ez da Seguran eta egun horietan soilik ospatuko. Aurreko asteetan ere izanen da zerekin gozatu.

Martxoaren 12an, Zerain herrian «Iduzkilore» antzerki emanaldiarekin hasi, Seguran margolari berrien lehiaketa, eta, Urruñan Euskal Herriko mus txapelketa izanen dira.

Gazteen talentua eta euren ideiak garatzeko tresnak ahalbidetzeko beharra

Edizio berriaren atarian, Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundearen (EKE) zuzendariak «bide berriak proposatzeko unea» dela baieztatu zuen atzo Donostian. Horretarako, «Hogei'ta» (hogeita.com) izeneko proiektu berezia abiarazi du EKE-k. «Hiru urteko iraupena du programak eta helburua gazteek gauza berritzaileak sortzea da. Geure egitekoa, berriz, haiei sostengua ematea da bidean aurrera egin dezaten».

Aipatutako proiektuan parte hartzeko bi deialdi nabarmendu zituen. Batetik, eta Internet bidez, irudimena.com atarian egitekoa. Bertan agertzen diren argazkietako bat hautatu eta horren inguruan testu bat idaztean datza ariketa. Beste atala, arte bisualen ingurukoa -argazkilaritza, bideoa eta grafismoa- da. Proiektuaren deialdiaren xedea «euskal kulturaren eta euskararen osagai batzuk berrinterpretatuko dituzten bi proposamen artistiko hautatzea izango da». Hautatutako bi ideiak edo lanak 5.000 euroko sari bana jasoko dute.

Bere aburuz, ezinbestekoa da gazteei lan tresnak ematea, belaunaldi berriek «asko baitute esateko». Horren harira, gaur egungo egoera Ipar Euskal Herrian, kulturari dagokionez, «dinamikoa» dela baieztatu zuen: «Gazteak mugitzen ari dira, baina kontziente naiz oraindik lan handia dugula egiteko -zioen Etchegoinek-. Gazteek badituzte euren proiektuak eta ezinegonak, baina laguntza behar dute».

Laguntza horretan, EKE-k nolabait, bitartekari gisa jokatzen du. «Elkarte eta erakundeen artean harremanak eraikitzeko ardura dugu», adierazi zuen, izan ere, artistarentzat ez da lan samurra izaten erakundearen atea zuzenean jotzea. O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo