Euskal selekzioa
Javier Irureta aukeratu du Federazioak Iribarrek utzitako hutsunea betetzeko
J.O.
Futbol entrenatzaile gisa ibilbide ona duen norbait bilatzeaz gain, Athleticekiko zubi lanak egingo zituen norbaiten bila zebilen Euskadiko Futbol Federazioa Jose Angel Iribarrek utzitako hutsunea betetzeko. Hala, Javier Irureta izango da Mikel Etxarrirekin batera, Euskal Selekzioaren hautatzaile lanak egingo dituena.
Kargu berriak Lezamako harrobiaren koordinatzaile bezala duen lanean oztopo egingo ez diola zin egin zion Iruretak Athletici, eta atzo bertan egin zen ofiziala irundarraren itzulera entrenatzaile lanetara. 2008ko urtarrilean Zaragozaren aulkiari muzin egin zionetik ez du Iruretak talde baten ardura izan eta Athleticen harrobiarekin dihardu lanean gaur egun.
Ibilbide luzea
Hautatzaile gisa sekula aritu ez den arren, entrenatzaile gisa ibilbide luzea egin du Jabo Iruretak, izan ere, 600 partida baino gehiagorekin, Lehen Mailan partidarik gehien zuzendu duen entrenatzaileetariko bat da. Logroñes, Oviedo, Racing, Athletic, Reala, Celta, Deportivo, Betis eta Zaragoza dira 63 urteko irundarrak zuzendutako taldeak.
Maiatzaren 25ean egingo du debuta Iruretak kargu berrian, Euskal Selekzioak Estoniaren aurka Tallineko Le Cog Arenan jokatuko duen partidan.
ETBri egindako adierazpenetan, Irureta oso pozik agertu zen, baina ez zuen Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren inguruan sakondu nahi izan. Kirol ikuspegitik nazioartean lehiatzeko maila duen taldea dela nabarmendu zuen.