«Gure dinamikari harrera ona egin dio langileriak»
Jabi Garnika
Idazkari nagusiaren ondokoa
Jabi Garnikak azaldutakoaren arabera, LABek hauteskundeetan izandako emaitzek erakusten dute sindikatuak egindako aldarrikapenak eta aurkeztutako alternatiba langileengana iritsi direla, batez ere krisiaren ondorioen aurrean.
Nola ikusi duzue hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa?
Oso testuinguru berezi batean izan dira hauteskundeak, aurreko prozesuetan egon ez dena. Krisi sakon batean, eta ondorioz, espedienteak, plantillen murrizketak, kaleratzeak, enpresen itxierak, langileen eskubideen murrizketak eta erreformen inposizioak izan dira, eta horren aurrean mobilizazioak, manifestazioak eta grebak. Gainera, lehendik sindikatuen zatiketa oso nabarmena bazen ere, oraingo honetan muturrera eraman da, eta bi sindikalgintza mota ezberdin topatzen ari gara.
LABen emaitza ikusita, zer balorazio egiten duzue?
LABen emaitza ikusita, zer balorazio egiten duzue?
Oso positiboa. 2006ko irailetik 2007ko urtarrilera egin zen hauteskunde prozesu trinkoan, bigarren indar sindikala izan ginen, %18,5 lortuz. Prozesu honetan, garai berdinean, bigarren indar sindikala gara berriro, baina %19 lortzen. Puntu erdi bat gehiago lortu dugu, kontuan izanda partida «etxetik kanpo» jokatzen dugula, hau da, administrazio, patronal eta sindikalgintza eredu baten kontra, eta guk aldarrikatzen dugun alternatiba ez dela momentu honetan erosoena. Azken batean, konfrontazioa eta alternatibak bideratu behar direla planteatzen dugu eta gizarte honetan ez dira modan dauden balioak. Administrazio publikoan, kontuan izanda zer gobernu dauden eta egon diren, lehenengo indar sindikala gara arlo askotan eta irakaskuntzan. Ez da kasualitate hutsa. Arlo pribatuan ere berritu diren mila delegatutik gora hemezortzi enpresatan daude. Eta enpresa horietatik zortzitan lehenengo indar sindikala gara. Daukagun patronala eta egiten ari garen apustua ikusita, LABek horrelako ordezkaritza maila izatea kontuan hartzekoa da. Emaitzak gustura egoteko modukoak dira.
Arlo publikoko emaitzak nabarmenagoak izan dira?
Nabarmena da. Bizkaiko Diputazioan, Gipuzkoako Diputazioan, irakaskuntzan... Ez da bat-bateko kontua, lanaren ondorioa da. Egia da irakaskuntzaren azken emaitzak esangura handiagoa izan duela, baina enpresa handi askotan emaitza onak izan ditugu. Eta ekintza sindikala enpresa handietan egiten da. Oso esanguratsua da.
Eta horrelako igoerak, zergatik?
Eta horrelako igoerak, zergatik?
LABek azken urteetan egin duen apustua ailegatzen delako langileengana eta begi onez ikusten dutelako. Etengabe gaude hauteskunde sindikaletan. Azterketa etengabe pasatzen ari gara eta ikusten dugu gure dinamikak harrera ona duela langileengan. Horrek ez du trukurik. Argi eta garbi ikusten ari da sindikatuak egiten dituen aldarrikapenak eta eskaintzen dituen alternatibak kontuan hartzen dituela langileriak. P. R. A.