Kronika | Tabakismoaren aurka
Erretzeak zer-nolako kaltea eragiten duen jakiteko hiru proba eta ezuste bat baino gehiago
Basurtuko ospitalera lagun ugari joan zen atzo erretzeak eragin dien kaltea neurtzera, eta bide batez tabakoa uzteko arrazoi on baten bila. Biriken egoera, tabakoarekiko menpekotasuna eta zirkulazio sistemaren egoera neurtzen zituzten hiru proba errazen bidez. Batzuek espero zutena aurkitu zuten; bestetzuek, ezuste galanta. Dena den, medikuek hau argi utzi nahi izan zuten: «Erretzaileei laguntzeko gaude, ez horiek jazartzeko».
Nerea GOTI
Basurtuko Ospitaleko sarreran erretzaileei zuzendutako zenbait proba egin zituzten atzo, erretzeari uzteko arrazoi on bat emateko: tabakoak osasunean egiten duen mina zuzenean egiaztatzeko. Horregatik, nikotinarekiko menpekotasuna neurtzeko proba bat egin zitzaien, arnasa botatzean dagoen karbono monoxidoa neurtzeko beste bat eta arnasketa-funtzioaren egoera aztertzeko hirugarren bat. Batzuek espero zutena aurkitu zuten, baina ezustekoak ere izan ziren.
Probak egiteko egokitutako mahaian kartel batzuek iragartzen zituzten kanpainaren nondik-norakoak. Ilaran hiruzpalau lagun aurkitu genituen testak hasi eta ordu eta erdira, gizonezkoak gehienak eta erretzen aspaldi hasitakoak, adierazitakoaren arabera.
Hala ere, ospitalera kontsultara joandako pazienteen artean ere, proba egiteko gogoz geratu ziren asko. Batzuek liburuxkak hartzen zituzten etxera eramateko eta, ezer galdetu barik, «ze pena, aurretik jakin izan banu, alaba ekarriko nukeen», adierazi zuen emakume batek; horrelako bat baino gehiago entzun genuen inguruan.
Kazetari askok ere kamera eta mikrofonoa utzi eta probak egin zituzten, eta arnasa behar bezala botatzeko probak badu zailtasunik, azaldu zutenez.
«Irratian entzun dut eta segituan etorri naiz», onartu zuen ilaran zegoen Manuel Garciak. 55 urte daramatza erretzen eta inoiz ez da uzten saiatu; «baina bi paketera ez naiz inoiz heldu», zehaztu zuen. Orain unea heldu dela ikusten du Garciak. «Uzten hasi beharko nintzateke dudan adinarekin, 69 urte ditut-eta», gehitu zuen.
Alejandro, aldiz, pare bat aldiz ahalegindu da tabakoari ezetz esaten. «Behin, hilabete bi eman nituen erre gabe eta beste batean hilabete bat, baina zigarro batekin, birekin hasi eta azkenean itzuli egin naiz -azaldu digu- eta hori, egunean pakete erdiko erretzailea izan naizela; egunean 16 zigarro erre ditut gehienez, baina 20 urte nituenetik erretzen dut eta 58 ditut».
Basurtuko espezialista eta tabakismoan aditu Esteban Ruiz de Gordejuelak honakoa nabarmendu zuen: «Proposatzen duguna ez da berrikuntza bat. Pneumologook erretzaileak artatzeko eta laguntzeko gaude. Oinarrizko proba batzuk proposatzen ditugu, horiek ematen dituzten emaitzak oso garrantzitsuak direlako».
Menpekotasuna neurtu
Gordejuelak azaldu zigunez, nikotinarekiko menpekotasun maila zehaztea garrantzitsua da gaixo horri erretzeari uztea zenbat kostatuko zaion jakiteko. Horretarako test batzuk egin behar izan zituzten erretzaileek. «Guk balio handia ematen diogu eguneko lehen zigarroari. Lehenengo zigarro hori behar dutela edo horren zain daudela esaten digutenean, horrek adierazten du menpekotasun handia dutela eta ez horrenbeste zigarro kopuruak», esan zuen adituak.
Bestalde, kooximetria izeneko probak botatako arnasan dagoen karbono monoxidoa neurtzen du. Tabakoa erretzean sortzen den gas toxikoa da eta odolean maila altuak dauden adierazteko eta zirkulazio sistema minduta dagoen jakiteko balio du.
Erretzaileek egin beharreko hirugarren proba birikak zein egoeratan dauden neurtzen duena zen. Tresna txiki baten bidez, sexua eta adina zehazten dira eta arnasa hiru aldiz bota ondoren, horietako onena aukeratzen dute adituek. Datu horien arabera, biriken buxadura mailaren berri jasotzen dute eta horren arabera biriken egoerari adina ipintzen diete. Zenbaiti, 90 urteko pertsona baten birikak zituela esan zioten atzo, eta kezkatuta familiako medikuarenera joateko konpromisoa adierazi zuen, proba egin zuen emakume gazte batek onartu zuenez. Atzo izandako emaitzekin horixe izan zen aholku nagusia, «datuekin zure medikuarengana joan, berak ezagutzen zaituelako eta zure beharren araberako tratamendua ipiniko dizulako».