GARA > Idatzia > Kultura

Hogeita hamar urteotako lana dokumental batean bildu du EHEk

Hogeita hamar urte baino gehiagoko lana darama bizkar gainean Euskal Herrian Euskarazek. 1979an Durangoko Azokan egin zuen elkarteak bere lehenengo agerraldia, eta ordutik euskarari bide ematea izan da bere helburuetako bat. Ibilbide osoa dokumental batean bildu dute orain.
p050_f01_148x104.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Euskal Herrian Euskarazek hogeita hamar urteko ibilbidea osatu zuen 2009ko azaroaren 4an. Hiru hamarkada, Euskal Herria guztiz euskaldundu eta hiztunen eskubideak aitortzeko bidean. Ehunka izan dira denbora horretan taldean lanean jardun duten euskaltzaleak; haien bizipenak eta beste hamaika protagonisten testigantzak bildu dituzte orain «Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz» dokumentalean.

Izan ere, ez da nolanahikoa Euskal Herrian Euskarazek (EHE) gaur egunera arte herriz herri burututako lan eskerga. Ez da nolanahikoa, egungo egoera politikoari begiratu bat emanda, gainera, euskaldun jaio, bizi eta hil nahi duten milaka herritarren eskubideen aitortzan borrokan aritzea. Eta ez da nolanahikoa ibilbide horretan eman dituen urteen kopurua; 2009ko azaroaren 4an bete zuen elkarteak hogeita hamargarren urteurrena.

Euskal Herrian Euskaraz 1979an aurkeztu zen euskal jendartearen aurrean. Durangoko Azoka izan zen lehen agerpena egiteko hautaturiko lekua, baina lehenago Lesakan egin zuen talde txiki batek estreinako bilera. Tartean zeuden, besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Kontxi Erro eta Antton Erkizia (sustatzaileetako bi azken horiek). «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» lelopean ekin zion bideari. Orduko hartan, euskaldunek osatzen zuten komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, helburu argia plazaratu zuen elkarteak: Euskal Herri euskalduna lortzea. Eta horretarako izaera errebindikatzailea eta borrokalaria izango zuela baieztatu.

«Demokraziaren» hastapenetan egindako bilkura izan bazen ere, garai arras konplikatuak izan ziren euskararen aldeko elkartea sortzeko. Kasik klandestinitatean abiatu ziren hasierako bilerak eta frankismo garaietatik eratorritako erdalduntze mardularen aurkakotasuna agerikoa zen Euskal Herriko bazter gehienetan.

«Izan. Egin. Eragin. Euskal Herrian Euskaraz» dokumentalak azken mendeetan hainbat euskal herritarrek egindako lana biltzen du, garaian garaiko lekukoen testigantzak baliatuta. Aurrerantzean, azken hogeita hamar urteetan egindako lana Euskal Herri osoan zabaltzea izango dute helburu eta hainbat aurkezpen burutuko dituzte -Gernika, Antsoain, Irunberri, Gares, Donibane Lohizune eta Zarautzen izango dira datozen egunetan-. Nahi duenak DVDa www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean eskura dezake hamar euroren truke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo