GARA > Idatzia > Mundua

Gorabehera eta erronka artean, Jose Mujicak 365 egun bete ditu Uruguaiako presidentetzan

Jose Mujicak aurreneko urtea bete zuen astelehenean Uruguaiko Gobernuaren buruan. 365 egunetan zehar, sindikatuekin eztabaidan aritu da, eta Argentinarekin zuten gatazka luzea konpondu du. Hala ere, herritarren artean duen ospeak gorabeherak izan ditu.

p026_f01_140x108.jpg

Ruben PASCUAL

Uruguaiko presidente «Pepe» Mujica «nahiko konforme» agertu zen boterean daraman lehenengo urtearen gaineko balorazioa egitean. Astelehenean bete zituen 365 egun karguan, eta bertako telebistari eginiko adierazpenen arabera, bazekien jakin «konplikatu samarra» izango zela.

Herrialdeak, estimazioen arabera, %8,5 inguruko hazkunde ekonomikoa izan zuen 2010ean, esportazio maila inoizko gorenean dago, eta langabezia, aldiz, azken hamardakotako mailarik beherenean (%5,4 joan den urtearen amaieran). Halere, inkestak Mujicaren arrakastaren gainbehera erakutsiz joan dira 2010eko amaierara arte, aholkularitza enpresa pribatuen azken inkestak kaleratu ziren garaian.

75 urteko gerrillari tupamaro ohi eta Uruguaiko historian bigarren presidente ezkertiarra denak, 3,4 milioiko biztanleriaren %80ren babesarekin hasi zuen agintaldia. Abuztuan, bere arrakastan gainbehera hasi, eta azarorako, %50-60ren babesa baino ez zuen.

Mujicaren lorpen nagusia kanpo politikaren arlokoa izan da. Argentinak Uruguai ibaiaren Uruguaiko ertzean jarri nahi zuen zelulosa fabrikaren auzia, zazpi urteren buruan, konpontzea lortu zuen.

Adolfo Garce analista politikoaren aburuz, «ia ezinezkoa zirudien» gatazka diplomatikoari konponbidea eman izanak presidentearen irudi publikoa «katapultatu» zuen.

«Presidenteak lorpen azkarrak lortu zituen, agintaldiaren hiru edo lau lehen hilabeteetan, eta hori arrakasta maila historiko batean islatu zen, %70era iritsita, aurrez inoiz gertatu ez zena», esan zuen Garcek.

Protokolo zalea ez bada ere, eta gerrillari izateagatik espetxean eman zituen hamahiru urteak (1973-1985) ahaztu barik, Mujicak eroso ikusi du bere burua presidente besaulkian. Fronte Zabala ezkerreko koalizioa ordezkatzen heldu zen kargura, eta Daniel Chasquetti analistaren iritziz, presidenteak «oposizioarekin oso harreman ona lortu du».

Barne eztabaidak

Baina arestian aipatu bezala, Mujicak ez du bete berri den urtea eztitan igaro, eta, espero zuen bezala, zailtasun ugariri egin behar izan dio aurre, horietako asko bere alderdiaren barnean (sozialistek eta komunistek osatzen dute). Adibidez, Exekutiboaren politika ekonomikoa gogor kritikatu dute, aberastasunaren banaketaren alde lan handiagoa egin ez izateagatik.

«Nabari dut herrialde honetako berriemaile eta politikari amateur askok ez dutela kontuan hartzen oso inbertsio handiak ditugula hurbil. Horietako edozein, burura eramanez gero, herrialdearen historia ekonomikoan mugarri izango da, eta horregatik, denok batera bultzatu beharko genuke horiek ziurtatzeko. Gero eztabaidatuko dugu zer egin emaitzekin», erantzun zien Mujicak kritikei.

Izan ere, aipatu inbertsioen garrantziaz «ez jabetzea» da arazorik larriena. «[Inbertsioak] martxan daudenean, orduan bai. Ogia mahai gainean dugunean, eztabaida dezakegu nola banatu», gaineratu zuen.

Giza eskubideei dagokionean, eta Armadari «iraganeko motxilak lurperatzeko» hitza eman zioten arren, Mujicak ez du Fronte Zabaleko zenbait sektorek duten justizia gosea asetzea lortu.

Era horretan, Gobernuan den alderdiak lege proposamen bat onartu du Behe Ganberan, Iraungitze Legea indargabetzeko. 1986an onartua, Estatuko agenteek burutu zituzten krimenak zigorrik gabe utzi zituen. 1989an eta 2009an, erreferendum bidez, herritarrek berretsi egin zuten araua.

Atzokoan, Danilo Astori presidenteordeak zabaldu zuen urteurreneko mezua. Politiko sozialdemokrata hori hartzen dute neurri ekonomikoen arkitektotzat, eta Mujicak hala eskatuta, egoera aztertu zuen. Iturri ofizialen arabera, «keinu politikoa» izan zen, agintean gelditzen zaizkion lau urteei begira irmotasuna adierazteko.

Daniel Chasquettiren arabera, Mujicaren erronka nagusia «bere alderdia bat eginda mantentzea» izango da.

75 urteko gobernuburuak, «kreditu» bat eskatu zion herri uruguaitarrari. «Seguru ez naizela berrautaketa batean pentsatzen ari. Helduko naizen ere ez dakit», adierazi zuen, konfiantza eske.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo