GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

Gazte1 + ez!

Miresmena. Horixe sentitu zuen Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilariak Izpuran itxialdia egin zuten zortzi gazte independentistek «euren geroaren jabe izateko duten grina» ikusita. «Ez nator bat gazte horien ideiekin, baina adierazteko eskubidea dute. Ia miretsi egiten ditut», eman zuen aditzera Polizia frantsesa bere etxera sartu eta Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga atxilo eraman ostean.

Lau hilabete luze igaro dira Estatu espainoleko polizien atzaparretatik ihesi, gazte independentista hauek euren sorterria, familia eta lagunak atzean utzi zituztenetik. Joan den astean agertu ziren jendaurrean, gazteriaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzera, baina gaur Seysses-eko ziega hotz batean giltzapetuta daude gehienak.

Estatu espainolaren eta frantsesaren amorruzko kolpeen helmuga dira gazteak. Horrela adierazi zuten atzo polizien atzaparrak gertutik ezagutu dituzten gazte ugarik Donostian, eta datuak ere mahaigaineratu zituzten: 2009az geroztik, 100 gazte atxilotu dituzte; 90, espetxeratu, eta 64k tortura eta tratu txarrak salatu dituzte. Izua eragiten duten datuak dira horiek, baina baita lotsa ere.

Gazteria kolpatuz, Euskal Herriaren geroa errotik moztu nahi dute, mapatik desagerrarazi. Gazteak dira Estatu espainolaren eta frantsesaren ankerkeria gertutik sufritzen dutenak, baina gainontzeko herritarrak ezin gara haien kontrako sarekaden, zerrenda beltz amaigabeen edota oinaze oihuen aurrean itsu, mutu eta gor gelditu.

Erakunde eta alderdi politikoen utzikeriaren aurrean, gazteek hartu dute berriro lekukoa. Gazte 1 + ez! plataforma eratu dute, horren goraipatua den errepresioaren kontrako herri harresiaren eraikuntzarako ekarpen gisa. Haiek bizi izan dutena beste inork bizitzerik ez dute nahi eta etorkizun oparoagoa utzi nahi diete atzean datozen belaunaldiei.

Aukeratutako leloa egia bilakatzeko, ordea, benetako konpromisoak behar, dira eta horretan eredu bikain bilakatu dira, Alice Leiziagezaharraren gisara, beren etxeko ateak ireki dituzten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautetsiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo