GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fernando Mijangos Ugarte UPV/EHUko irakaslea eta UEUKo Kimika sailburua

Nire lagunei

Baikor nago oso, uste baitut egoera politiko berri honetan alderdi politiko asko batu ahal dituen aktibitate berriak plazaratu behar ditugula, pertsonak, zientzialariak batzen dituzten iniziatiba eginkor eta eraginkorrak

Hainbat urtetan Udako Euskal Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaroetan partaide izan naizelarik, parada izan dut irakasle, ikasle eta lagun asko egiteko. Egun hauetan egon naiz nire buruan gordetako aurpegi horiek berriz berrikusten, eta harrituta geratu naiz, a zer-nolako jende ospetsua izan dudan nire ondoan, duela 30 urtetik hona. Euskaraz aurkezturiko nire doktorego tesia han kontatzera Iruñera joan nintzenetik gaur egunera arte nolabaiteko Euskal Inteligentziaz inguratuta egon naiz. Agian horregatik, unibertsitate gaiak euskaraz azaltzeko grina sartu da osmosiaren bidez nire larruan.

Denbora tarte honetan bizitza aurrera joaten denez, gizartea, euskara, Euskal Herria aldatu egin da zorionez. Modernoago eta garatuagoa dugu gure gizartea, euskara normaltzen joan da astiro-astiro eta euskaraz ikasten duen ikasleen kopuruak etengabea gora egin du. Neurri batean horrek guztiak zipriztintzen nau eta harro egoteko gogoa ematen dit; dena dela, gauza askok oraindik lehen bezain gordinik diraute eta horietariko bat hartuko dut erreferentziatzat hurrengo lerrootan: ustezko Euskal Unibertsitateaz arituko naiz.

Udako Euskal Unibertsitateak antolaturiko ekitaldietan gizon-emakume jakintsuez inguratuta egon naiz, horiekin berba egiteko aukera izan dut euskara, unibertsitatea, Euskal Herria, Euskadi eta antzeko gaiez Larraonako ikastegian. Burura etortzen zait kide batzuk nazioarteko ikerkuntza-sari garrantzitsuenak lortuak direla, beste batzuk Euskadik banatzen dituen ikerkuntza sarietan txapeldunak direla ere, beste batzuk gaur egun katedratiko ospetsuak, errektore izandakoak, politika zientifikoez arduradun izandakoak. Benetan jende ospetsua zientzia eta unibertsitate mailan, eta horiengandik gauza asko ikasi ditut.

Hogeita hamar urte pasa ostean begiratzen dut Udako Euskal Unibertsitateak eskaintzen dituen udako ikastaroetan ea nire lagunak dauden eta gehien-gehienak desagertuak direla konturatzen naiz, arrazoi desberdinak tarteko direla. Batzuek gaur egun ez dute Euskal Unibertsitatea beharrezko denik ikusten, unibertsitate publikoek euskaraz nahiko eskaintza zabala ematen dutelarik; beste batzuk, urteak aurrera joanda osasunez makalagoak; beste batzuek, hippyen garai horiek gaur egun zentzu gabekoak direla uste baitute; beste batzuek gai guztiz politikoa dela uste baitute, egoera politikotik ETA desagertuko balitz, hau da, biolentziarik gabe aukera izana... Arrazoi asko daude norberaren urruntze prozesua azaltzeko, baina egia da, antzinako diplodokoak desagertu ziren bezalaxe, UEUko ospetsu horiek banan-banan joan dira esparru honetatik beste errentagarritasun handiagoetara mugitzen. Zer egingo diogu, ba.

Aurten Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu dute; hori dela-eta, hitzaldi asko eskainiko dira nonahi Kimikak duen garrantzia eta egunerokotasuna ezagutarazi nahian. Esate baterako, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak hamar bat hitzaldi emango ditu eta denak gaztelaniaz. Beste hitzaldi batzuk Bilboko Alondegian ere bai, eta hizkuntza, berriz, gaztelania. Eta, noski, burura etortzen zait errektore batzuek unibertsitateko klaustroetan esaten zutena: irakasle euskaldunak, euskaraz irakasten dugunok, gazteak garela, prestakuntzan dihardugula eta esperientzia gabekoak. Eta begiratzen dut nire ondoan dauden irakasle euskaldunak, guk, irakasle euskaldunok, prestaturiko ikertzaile euskaldunak noraino iritsi diren zientzia munduan eta aukera bi soilik geratzen zaizkit gertaera hau azaltzeko: edo apropos aukeratu da gaztelania hizkuntzarako edo ez dute ezagutzen euskaraz dagoen mundua.

Aurtengo udarako Udako Euskal Unibertsitateko Kimika saila, Kimikaren Nazioarteko Urtea dela-eta, hiru eguneko ikastaroa antolatzen ari da; programa guztiz itxita egon barik, ildo nagusiak zein izango diren ondoko hiru gaietan sailkatuta daude: kimika fisikoak eta politika energetikoak agintzen dute negutegi-efektua; polimero elastomerikoak eta Zikautxo lantegiak ekoizten duen materiala, eta bukatzeko, zenbat olio erabili batzen den Eibarren eta horiekin zenbat biodiesel ekoitz daitekeen. Hizlarion artean antzinako diplodokoen bat dago, eta gehien-gehienak gazteak dira, euren ikerkuntza-lasterketa hasten ari direnak, izugarrizko erritmo onarekin (gazteak beti gazte). Eta entzuleriaren artean ni bezalako ikerlari batzuk (hitzaldi bat entzunez liburu bat irakurriz baino gehiago ikas dezakegula uste baitugu) eta gazteak, ikasle gazteek euren gaztetasuna kutsatzen baitigute.

Zientzia euskaraz garatu dugun bitartean den-dena ez da izan zientzia bakarrik; politikaz (pertsonak animalia politikoak garen heinean) ere aritu gara noizbehinka Udako Euskal Unibertsitatean, asmatzen beti ea egunen batean Euskal Unibertsitatea sortuko genuelako sinesmen horretan. Garai politiko arraroa izan dira azken 30 urte hauek, baina egoera politikoa normaltzera doan oraingo honetan planteatu ahal da Euskal Unibertsitatea? Horretan aurrerapausoren bat eman ahal dugu? Eta zuek, nire lagunak, UEUn nire ondoan egondako lagun guztiok, zer uste duzue? Alderdi politikoek honetaz hitz egingo dutela uste duzue?

Baikor nago oso, uste baitut egoera politiko berri honetan alderdi politiko ugari batu ahal dituen aktibitate berriak plazaratu behar ditugula, pertsonak, zientzialariak batzen dituzten iniziatiba eginkor eta eraginkorrak, norberak ahal duen neurrian, noski.

Prest naukazue Euskal Unibertsitatean aritzeko, orain arte egin dudan bezalaxe eta hemendik aurrera egingo dudan bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo